27 lan aurkeztu ziren domekan egin zen Ageriko XIV. Pintura Lehiaketara

2016/09/27
Sari nagusia, Anton Urresti mendaroarrak eraman zuen

  Partaidetza handia eta kalitatezkoa antolatzaileen hitzetan, domekan egin zen Ageriko Pintura Lehiaketan. Heldu eta gaztetxoen partaidetzak kasik parez pare, 27 lan jaso ziren arratsaldeko 14.00ak baino lehen, 15helduetan  eta 12 gaztetxotan. Helduen kategorian, gehienak, kanpotarrak ziren baina herritarren bat ere animatu zen. 16 urtetik beherakoen kategorian guztiak Oñatikoak izan ziren.

  Gaztetxoen kategorian, lehenengoa, Alain Agirre izan zen, 100 txantxi eta margotzen jarraitzeko oparia jaso zuen. Bigarrena Lorea Atxa eta hirugarrena, Lur Gesalaga izan ziren. Hauek opari bana jaso zuten sari gisa. Nagusitan berriz, 15 lan jaso ziren, esan bezala. Lehenego saria, Anton Urresti mendaroarrak eskuratu zuen. Honek Garay fabrikaren sarreretako bat eta inguruak margotu zituen. 600 euro poltsikoratu zituen. Bigarren saria, 400 euro, Bilboko Carlos Espigak irabazi zuen. Honek Txurrukaneko arkupetan hartu zuen babesa eta plaza eta udaletxea, Dukiaren etxea eta Aloña inguruak margotu zituen. Eta hirugarren saria, Elchetik etorri zen Mª Teresa Durak irabazi zuen. Usakoko presa eta errekaren margolanarekin 300 euro irabazi zituen. Helduen kategoria honetan bi oñatiarrek parte hartu zuten eta Xanti Ugarteren lana hautatu zuen epai mahaiak. Lehen oñatiarraren saria eskuratuta, 300 txantxi jaso zituen.

  Saritutako lanak eta lehiaketara aurkeztutako guztiak Kultur Etxean jarriko dira ikusgai. Gainera, Udalak antolatzen dituen pintura ikastaroetan aritu direnen lanak ere ikusi ahal izango dira. Erakusketa gaur arratsaldean irekiko da, urriaren 16ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Goiena)