27 lagun aurkeztu dira orain arte udal pantillan hutsik dagoen euskara teknikari lanpostura.

2012/07/12
Hautaketa prozesura presentatzeko epea, arratsaldeko ordu bietan amaitzen da. Ordu horretan itxiko baitira udal bulegoak.

  Euskara teknikari lanpostura presentatu ahal izateko, euskal filologian diplomatura edo pareko titulazioa izan behar da eta euskarari dagokionez, laugarren hizkuntza eskakizuna izan behar da.

  Iaz erretiroa hartu zuen langilea ordezkatuko duen euskara teknikari berriak, euskarari dagokionez, zerbitzuarekin zerikusia duten gaien jarraipena egin beharko du eta arduradun politikoekin bilerak egin beharko ditu. Gainera, udaleko beste departamenduekin harremanak izango beharko ditu, euskara alorreko aurrekontua gertatu eta kudeatzeko lanetan. Euskara eta hezkuntza udal batzordean parte hartu eta euskara alorrari dagozkion aktak egin beharko ditu. Era berean bere ardurapekoak izango dira, euskara alorreko gaien dokumentazioa tramitatu, testu administratibo, tekniko eta juridikoak itzuli eta zuzentzea eta beste udaletako euskara teknikariekin bilerak egitea. Baita, hala beharko balitz, Osoko bilkuretan zinegotzi erdaldunei bat-bateko itzulpena egitea. Horiek, esan bezala, euskara teknikari lanpostuari dagozkion eginkizunetako batzuk. Guztiak ezagutu nahi dituenak, udaleko webguenko lan eskaintza atalean topatuko du lanpostua eta hautaketa prozesuari dagozkion baldintza eta oinarriak. 

  Udalak, euskara teknikari lanpostua oposizio-lehiaketa sistemaz beteko du. Oposizio edo azterketaldian lau ariketa teoriko-praktiko gainditu beharko dira eta lehiaketa fasean berriz, formakuntza eta lan esperientzia baloratuko dira.

  Maiatzeko Osoko Bilkuran erabaki zen aurtengo lan eskaintza publikoan jaso zen lanpostu hau deialdi irekian kaleratzea. Euzko Alderdi Jeltzaleak egun udal plantillan dauden hainbat langilek eskatutako perfila betetzen dutela azalduz, lanpostua, barne promozioz betetzeko aukera ematea eskatu zuen. Baina udala, euskara plan estrategikoa lantzen ari denez, euskara teknikari berria lehenbailehen izendatzea komeni zela erantzun zuen alkateak. Barne promoziora lehenik, eta hala beteko ez balitz ondoren deialdi irekia kaleratzeak prozesua luzatu egingo lukeenez, Bildu koalizioak, zuzenean deialdia interesa duten guztiei irekitzea erabaki zuen. Hori da teknikari berriak bere gain hartu beharko duen beste zeregin garrantzitsua: une honetan abiatzen ari den euskararen plan estrategikoa diseinatu eta gauzatzea. 

  Euskara teknikari lanposturako 27 hautagai aurkeztu dira orain arte baina epea, ordu bietan amaitu bitartean eskaera gehiago jasotzea espero da.