26 merkatarik parte hartzen dute Oñatiko XI. erakusleiho lehiaketan

2018/12/05
Eskaparateak apainduta herritarrek bozkatzeko aukera izango dute bihartik aurrera

  Hainbat  bide daude herritarren saria hautatzeko: ohikoa denez Kontzejupetik aldizkariaren abenduko alean topa daitezkeen bozka orritxoak moztu eta beteaz edota aldizkarian argitaratu den QR kodea eskaneatuta agertuko den formularioa beteaz. Dendetan ere, lehiaketako partaide direla adierazten duten kartulinetan aipatu QRa txertatu da. Eta internet bidez ere bozka daiteke, udaleko web gunean, www.oñati.eus atarian sartuta. Bide tradizionala erabiliz, bozka orriak betetzen dituztenek, buzoiak bi lekutan topatuko dituzte: udaletxeko harrera bulegoan  edo Bidebarrieta kaleko 12ko Sozioekonomia zerbitzuaren bulegoetan. Bozka edozelan emanda ere, azken eguna abenduren 19a izango da. Parte hartzen duten herritar guztien artean 200 euro zozkatuko dira.

  Dendari gehienek berriz, asteburuan apaindu dituzte euren erakusleihoak, nahiz eta erreferentzia moduan emandako eguna bihar den, abenduaren 6a alegia. Eskaparateak bereziki apainduta abenduaren 31ra arte mantendu beharko dira, gutxienez.

  Aurtengo Gabonetako eskaparate lehiaketako berrikuntza nagusia sariak gutxitu eta txikitu edo apaldu direla. Iaz 7 sari eta guztira 4500 euro banatu ziren baina aurten lau sari eta 1500 euro banatuko dira. Lehen aipatutako Herritarren saria 500 eurokoa izango da. Eta adituen epaimahaiak beste 3 sari emango ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak, hain zuzen ere. Erakusleihoak  baloratzeko oinarrizko lau irizpide hartuko dira kontuan: konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna. Sari banaketa eguna berriz, Gabonen aurreko zapatua izango da aurten ere, abenduaren  22a alegia. Ekitaldia, 13:30tan hasiko da, udaletxeko areto nagusian.

  Iaz, X. Gabonetako eskaparate lehiaketan, 33 denda eta lokalek parte hartu zuten. Lehen saria Amalur belar dendak dendak eraman zuen, bigarrena Iramira zapata dendak, hirugarrena, Trikitxek, laugarrena Urtxinek eta 5.a Andrea Azkoagak. Kimu lora dendak Herritarren saria eskuratu zuen, eta saritu gabeko komertzioen artean zozketatu zen saria Kuttunentzat izan zen.

Iturria: Oñati Irratia