26 eskaera bakarrik jaso dira San Martingo ortu publikoen zozketan parte hartu ahal izateko.

2014/11/18
Card image cap
Izen emate epea, etzi, hilaren 20an amaitzen da.

  Gutxi dira orain arte jaso diren eskaerak, kontutan hartzen bada, aisialdiko ortu sail bat landatu eta zaintzeko interesa zuten 100dik gora herritarren izenak jaso zirela pasa den maiatzean, udalak, hartarako asmoa zuela eta jendearen nahia neurtzeko egin zuen lehen sondeoan.

  Baina bai orduan interesa agertu zutenek eta baita, gerora halako orturen bat lantzeko gogoa izan dutenek ere, hartarako eskaera orria bete behar dute udal bulegoetan. Baratze ekologikoen zozketan parte hartzeko eskaerarekin batera, nortasun agiriaren fotokopia aurkeztu behar da. Dokumentazio guztia udal bulegoetan utzi behar da. Horretarako azken eguna hurbiltzen ari da, etzi, hilaren 20an amaitzen baita eskaerak egiteko epea.

  San Martin inguruan, 30 metro karratuko 70 ortu egokitu ditu udalak. Abenduan egin asmo den zozketan ortua eskuratzen duen herritarrak, 70 euroko kuota ordaindu beharko du urteko errenta kontzeptuan. Horri, beste 70 euroko fidantza batu behar zaio, udal jabaria egoki erabiliko denaren berme gisa. Izan ere, baratze parkean hainbat gune eta azpiegitura komun ere izango baitira, aldagelak, komunak eta tresneria gordetzeko biltegi etxolak, besteak beste.

  Lursailen erabilera urtebeterako lagako du udala eta urtez urte luzatu ahal izango da lagapena, gehienez, bost urteko mugarekin. Ortua eskuratzen dutenek ikastaro labur bat egin beharko dute era honetako baratze bat optimizatzen ikasteko, nekazaritza ekologikoaren ikuspuntutik eta autokontsumorako direla kontutan hartuz. Baratze parkearen erabilera araudian garbi azaltzen denez, ortu hauetan landatzen diren produktuak, norberaren kontsumorako izan beharko baitute, alegia ezingo dira saldu. Ortuko erabiltzaileek gainera, elkarte bat sortu beharko dute, mantenu lanak egin eta funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartzeko.

  Xehetasun guzti horiek, azken Osoko bilkuran aho batez onartu zen “Baratze parkearen erabilera araudian” jaso dira.

  Azaroaren 20ra arte jasotzen diren eskaera guztiak errebisatu egingo dira eskatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko. Ondoren, zozketarako onartuen behin behineko zerrenda argitaratuko da erreklamazioetarako 10 eguneko epea irekiz. Eskatzaileen behin betiko zerrenda osatu ostean finkatuko da ortuen zozketarako eguna. Printzipioz, abenduan egin asmo da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!