25 lan aurkeztu ziren atzo jokatu zen ageriko hamargarren pintura lehiaketara.

2012/09/24
16, helduen kategorian, 9 gaztetxoetan. Sari nagusia, Fernando Ureta Artziniegakoak eraman zuen.

  Iazko partaidetza nabarmen gainditu zen atzoko ageriko pintura lehiaketan. 16 lan izan ziren iaz eta 25 berriz atzo. Igoera hori bi kategoriatan izan zen, heldu nahiz gaztetxotan. Aipagarria da gainera, aspaldiko partez, nagusietan hiru oñatiar aritu zirela. Gaztetxoen atalean berriz, denak, 9ak oñatiarrak izan ziren.

  Aspaldiko partez baita ere, antolatzaileek aurre ikusitako sari guztiak banatu ziren.
16 urtetik beherakoen kategorian, lehen saria Maddi Altolagirrek eskuratu zuen, bigarrena, Ines Uriartek eta hirugarrena Aritz Arregik. Kategoria honetan, partaide guztiek jaso zuten oparitxoren bat.

  Nagusitan berriz, 16 lan jaso ziren. Lehenego saria, titularrean esan bezala, Fernando Uretak eskuratu zuen. Artziniegako margolaria Zubibarrin egon zen Motxon zubira begira eta bertatik erreka margotu zuen. 600 euro poltsikoratu zituen. Bigarren saria, 400 euro, Bilboko Carlos Espigak eraman zuen. Maiatzaren lehena plazatik behera Txaketuaneko bidegurutzea eta unibertsitate etorbide ingurua margotu zituen. Hirugarren saria, Esteban Oroz eibartarrak Antixenako parkeko pergola irudikatzen zuen lanarekin eskuratu zuen. 300 euro irabazi zituen.

  Lehiaketara aurkeztu ziren hiru oñatiarretatik batek ere herritarren lan hoberenaren saria jaso zuen. Ariane Inza izan zen. Sandaili eta inguruak margotu zituen eta 300 euroko sari berezia eraman zuen.

  Saritutako lanak eta lehiaketara aurkeztutako guztiak kultur etxean jarri dira ikusgai. Erakusketa bihar arratsaldean irekiko da urriaren 11ra arte.