234 herritarrek erantzun dute Euskararen Planaren diagnosia egiteko inkesta

2018/06/29
Asteartean diagnostikoa aurkeztu eta herritarrekin kontrastatzeko bilera irekia egingo da Euskaltegian

  Datozen bost urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko asmoz, galdetegia zabaldu zuen udalak internet bidez, herritarren iritzia jasotzeko. Galdetegia maiatzaren 10etik 24ra bitartean egon zen zabalik eta 234 lagunek hartu zuten parte. Galdetegia erantzun dutenen profilari dagokionez,  gehienak 35 urtetik beherakoak izan dira (% 52,5,) eta %64 emakumeak.
Internet bidez jasotako erantzun guzti horiez gain, 9 herritarrengana jo zen elkarrizketa luzeak egiteko. Beste iturrietatik jasotako datu soziolinguistikoak ere erabili dira diagnostikoaren lehen zirriborroa osatzeko.

  Diagnostikoaren aurkezpena egiteko eta herritarrekin kontrastatzeko saio irekia egingo da datorren asteartean, uztailak 3, 18:00etan, udal euskaltegian. Udaleko Euskara departamentuak  herritar guztiei, eta bereziki diagnosia osatzeko galdeketan parte hartu dutenei, dei egin die euskararen erabilera areagotzeko hurrengo urteetako lan-ildoak zehazteko egingo den saioan parte hartzera.

Iturria: Oñati Irratia