23 langabetu gehiago zenbatuta langabeziak nabarmen gora egin du Oñatin abenduan

2017/01/10
Card image cap
Dena den, 2016a, azken 5 urteetako onena izan da enpleguari dagokionean

  Aspaldiko partez, azaroan, Oñatiko langabezia tasa % 7tik behera kokatu zela azpimarratu bagenuen ere, abenduan egoera irauli egin da eta 23 langabetu gehiago zenbatuta, tasa, % 7,33ra igo da berriro. 45 urtetik gorako emakumeen artean egin du bereziki gora herriko langabeen kopuruak baina orokorrean, 25 urtetik gorako gizon nahiz emakumeen artean handitu da. Abendua hilabete txarra izan ohi da Oñatin langabeziari dagokionean, aldikako kontratu asko urteko azken hilabete horretan amaitzen baitira. Ondorioz, langabeziak gora egin ohi du, bai abenduan eta baita urtarrilean ere.

  Datorren hileko datuen zain, 2016a amaituta, urteari gainbegiratu orokorra eman genezaioke. 2016a, 385 langabetuekin amaitu da Oñatin, tasa, % 7.33 da une honetan, urte hasieran baino puntu erdi txikiagoa. Hala, urteko bataz bestekoa 
% 7.56 izan da, azken 5 urtekoen artean baxuena.

  2015eko abenduko datuekin alderatuta, langabezia pitin bat jaitsi da eta urte hasieran baino 9 langabetu gutxiago zenbatu dira azken hilabetean. Aipagarria da bestalde, emakumeen langabeziak behera egin duela urtebeteko tarte horretan, egun, lana topatu ezinda dauden 100 oñatiarretatik 57 emakumeak badira, orain urtebete 60 ziren. Debagoienean ere, azken urtean langabetuen kopuruak behera egin du. Jaitsiera gainera nabarmenagoa izan da eskualde mailan; puntu bat egin du behera eta langabezia tasa %11tik % 9.9ra jaitsi da.

  Hego Euskal Herrira orokorrean begiratuta, ekonomiak % 3aren hazkundea izan duen arren, langabezia datuak apalagoak izan dira. Urtebetean 17.000 langabe gutxiago zenbatu dira Hego Euskal Herrian. Langabezia jaitsi eta Gizarte Segurantzaren afiliazioa igo dela azpimarratu dute agintariek, baina sortu den enpleguaren kalitate eskasa eta langabeen babes gero eta txikiagoa nabarmendu dute sindikatuek 2016aren enplegu balorazioa egiterakoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!