22.357.445 euroko udal aurrekontua onartu da datorren urterako, aurtengoa baina % 19 handiagoa

2018/12/10
Card image cap
EH Bilduk aldeko botoa eman zuen, EAJk, kontrakoa

  Asteazkenean egin zen Osoko Bilkuran, datorren urteko udal aurrekontuak gehiengoz onartu ziren. Kopuruei begiratuta, ia 22 milioi eta 400 mila euroko aurrekontua onartu zen, aurtengoa baino % 19,59 handiagoa. Aipagarria da, Kirol arloak izango duen igoera handia, % 155, hain zuzen ere, kiroldegia berritu eta Olaitturri egokitzeko lanak hartzen baititu, hau da, 3 milioi eta erdiko inbertsioa. Bereziki haziko den beste atal bat Komunikazioa eta partaidetzari dagokiona da, % 52. Kasu honetan, partaidetzazko aurrekontuak prozesutik gorde diren 250.000 euroak txertatu dira nahiz eta urtean zehar, beste udal departamentu batzuetara bideratuko diren. Era berean, Berdintasuna departamentua indartuko da, teknikari lanpostua jabetzan betetzeko deialdia egingo baita. Eta kopurutan Gizarte zerbitzuen departamenturako diru partida jaitsi bada ere, San Martin egoitza eta eguneko zentroaren kudeaketa Kabia foru erakundearen eskura pasatuko delako, gastu soziala indartzea erabaki da, gizarte larrialdiak eta laguntza psikosozialerako partidak jasoaz. Era berean, etxez etxeko zaintza zerbitzua ere indartu da %20 handituz. Aurrez gobernu taldeak iragarri zuen bezala, auzoak eraberritu eta irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanekin jarraituko da San Lorentzon eta Olakuan, eta kopuruz txikiagoak izanagatik, beste egitasmo batzuk ere jaso dira datorren urteko aurrekontuetan, hara nola, Herritarrei Arreta Zerbitzua martxan jartzea, espazio aldetik egin beharreko egokitze lanak eginda, Aurreko mendiko eremuko paisaia balioan jartzeko paisaia plana egitea, plazako kioskoa eta inguruak txukuntzeko proiektua edota, katastro mugak digitalizatzeko egitasmoa.

  Batekoak eta bestekoak batuz, esan bezala, ia 22 milioi eta 400 mila euroko aurrekontua onartu da datorren urterako. Inbertsioei aurre egin ahal izateko 6 milioi euroko mailegua hartzeko aukera jasotzen da aurrekontuetan, beti ere, urteko likidazioaren arabera. 2019ko udal aurrekontuak inflexio puntua markatzen duen aurrekontua dela azpimarratu zuen udaleko kontu hartzaileak. Urteko diru sarrera eta gastu arruntak, autofinantzaketa maila, aurrezki maila, amortizazioa, interesak eta zorra oinarri hartuta zehazten dituen adierazgarrien inguruan berriz, kontu hartzaileak esan zuen, 2019ko aurrekontuei dagozkion adierazgarriak negatiboak direla, zorpetze bizi erlatiboari dagokiona izan ezik. Adierazgarri hauek, aurreko urteko datuekin alderatuta ateratzen dira.

  Alkateak hartu zuen hitza ondoren, eta kontu hartzaileak azaldutako inflexio puntuari erreferentzia egin zion berriro, eta autofinantzaketa ziklo batetik inbertsio potoloak egiteko puntura pasatzen diren aurrekontuak direla azpimarratu zuen. Hala ere, aurrezki arruntak positiboa jarraitzen duela esan zuen Mikel Biainek.

  Irakurketa ezkorragoa egin zuen Lourdes Idoiaga bozeramale jeltzaleak. Honek, aurrekontuak definitzeko inflexio hitza baino oso konplikatua berbak erabili zituen. 2019ko udal aurrekontuak defizit handia aurreikusten duela azpimarratu zuen Idoiagak, eta alde horretatik, egonkortasun eta finantza iraunkortasun helburuak betetzen ez dituen aurrekontua dela esan zuen. Eta ondorioz, plan ekonomiko finantzieroa egitea eskatzen duen aurrekontua dela gaineratu zuen. Oposizioaren irakurketa ezkor hori areagotuz, hurrengo legealdirako herentzia kaxkarra utziko duen aurrekontua dela esan zuen Idoiagak.

  Atalez atal azaldu zituzten bai gobernu taldea baita oposizioa osatzen duten kideek ere 2019ko aurrekontuen partida nagusiak, eta onartu ez diren proposamenak. Bozkatzerakoan, EH Bilduren aldeko botoz soilik onartu ziren datorren urteko udal aurrekontuak. EAJk egindako 34 proposamenetatik batzuk txertatu diren arren, guztiak ez ziren onartu, eta aipatutako finantza iraunkortasun eta egonkortasun kezka azalduta, jeltzaleek kontra bozkatu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!