21 lagunek eman dute izena udaleku irekietan begirale izateko bigarren deialdian

2019/06/12
Izen-emate epea, 15:00tan amaitzen da

  Udaleku irekietako begiraleen artean sor litezkeen baja eta beharrei erantzuteko hautagai gehiago izan nahi dira. Inoizko begirale kopururik handiena kontratatuko du udalak aurten, 71, eta printzipioz, hainbeste lagun badaude ere, ez-ustekoei aurre egiteko erreserba-poltsa izan nahi da. Horregatik, bigarren izen-emate epe bat zabaldu zuen udalak pasa den asteazkenean. Gaur goizera arte 21 lagunek eman dute izena udal bulegoetan, baina gehiago izan daitezke oraindik, hartarako epea, 15:00tan amaitzen baita, HAZ bulegoa ixten denean, alegia.

  Deialdi berri honetan parte hartzeko aurreko baldintza berberak bete behar dira; eskola graduatua, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa eta EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izan behar dela. Baina diferentzia horretan datza, oraingoan, euskara egiaztagiria aurkeztu behar dela, ez baita aparteko azterketarik egingo. Hortik aurrera, hautagaiek aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere kontutan hartuko da. Eskatutako baldintzak betetzen direla eta baloratzen diren formazio eta lan esperientzia agiri bidez egiaztatu beharko da eskaera orria aurkezten denean.Udaleku irekietan begirale izateko eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan bete behar dira, 15:00ak bitartean.

  Aurten, udalekuak, uztailaren 1tik 26ra egingo dira, baina udalak, hilabete osoko kontratua egingo die begiraleei,, formakuntza saioetara ere joan behar dutelako. Bigarren eta azken formakuntza-prestaketa saioa larunbatean, ekainaren 15ean egingo da.

Iturria: Oñati Irratia