2021eko ordenantza fiskalak gehiengoz onartu ziren atzoko Osoko Bilkura Berezian

2020/10/16
Card image cap
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren tipoak jaso egingo dira, Debagoieneko herrietakoekin harmonizatuz

  2021eko ordenantza fiskalak EH Bilduren aldeko botoz onartu ziren, EAJk kontra bozkatu baitzuen. Eta momentuaren egokitasuna izan zen jarrera ezberdin horren arrazoia eta ondorioz, atzoko plenoko eztabaidaren oinarri. Izan ere, EAJk, udal zerga eta tasak bere horretan mantentzearen aldeko proposamena eraman baitzuen, hau da guztiz izoztea eskatu zuen, egungo egoera ekonomikoak eta datorren urterako aurreikusi daitekeena herritarrei presio gehiago sartzeko momentu egokia ez dela argudiatuta.

  Covid-19aren eragina aipatuaz hain zuzen ere, hasi zen Izaro Elorza alkateak udal gobernu taldearen proposamena azaltzen. Pandemiak 2019an egindako aurreikuspen guztiak irauli dituela esan zuen, udalentzat sarrera esanguratsua den Foru Funtsetik milioi bat euro gutxiago jasotzea aurreikusten dela baina aldi berean, udalak ematen dituen oinarrizko zerbitzuak mantendu behar direla azpimarratu zuen. Sektore batzuk nabarmen kaltetuak izan direla esan zuen Elorzak eta horiei hobariak ematea proposatu zuen: merkataritza eta ostalaritzan zabor tasa % 15 edo 30 hobarituko da, langile kopuruaren arabera; terrazen espazioa bikoiztu ahal izango da, tasa gehikuntzarik gabe; Familia ugariei Ondasun Higiezinen Zergan aplikatu ohi zaien hobarian doikuntzak egingo dira, hobaritzen den ohiko etxebizitzaren katastro-balioa handituz, besteak beste; inor erroldatuta ez dauden baserriei ez zaie etxe hutsen errekargurik aplikatuko, ezta landa eremuan bizi eta herri barruan bigarren etxebitiza bat dutenei, baldin eta, gutxieneko erabilpen bat ziurtatzen bada; leiho aldaketa guztiak obren gaineko zergan %25eko murrizpena aplikatuz hobarituko dira; ostalaritza jardueran soinu-neurketen tasan laguntzak emango dira eta elbarritasunen bat edo lan egiteko ezintasun aitortua dutenei ere, erdira murriztuko zaie kiroldegiko tasa.

  Alkateak 2021eko ordenantza fiskaletan jasoko diren hobariak errepasatu ondoren Xabier Igartua Ogasuna Batzordeburuak hartu zuen hitza, hiru kasu konkretutan izan ezik, gainontzeko udal zerga eta tasak izoztu egingo direla argituz. Baina Debagoieneko bataz bestekora hurbiltzeko asmoz, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikoko ibilgailuen gaineko Zergaren tipoak jaso egingo direla aurreratu zuen. Horrela, ordenantza fiskalen sarreretan 140.000 euro gehiago jasotzeko aukera izango ei du udalak, behar gehien dutenei laguntzen jarraitu ahal izateko.

  EAJ eskualdeko herriekin tipoak harmonizatzeko proposamen horren kontra azaldu zen, horretarako momentua ez zela argudiatuta.  Herritarrei zuzenean eragingo dioten bi zerga bereziki garestituko direla esan zuen Ainhoa Galdosek, kontribuziñoa eta zirkulazio zerga moduan ezagutzen direnak, eta tipoak pitin bat igo arren, herritarren ordain-agirian igoera nabarmena izango dela adierazi zuen.

  Etxea eta autoa duen herritarrari, bataz beste, 17 bat euro gehiago ordaintzea suposatuko ei dio datorren urteko zerga igoerak, Igartuaren esanetan, eta harmonizazio neurri horiek aplikatzea defendatu zuen, Foru Funtsetik jasoko ez den miloi bat eurok utziko duen hutsunea, pitin batean arintzea ekarriko baitu. Eta horrekin, udal zerbitzuak ematen jarraitu ahal izango delako.

  Azkenean, esan bezala, udal gobernu taldearen proposamena aurrera atera zen bozketan, gehiengoa duen EH Bilduk alde bozkatu baitzuen. Atzo onartutako udal zerga eta tasak urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.        


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!