2021eko aurrekontuetan txertatzeko hainbat proposamen egin dizkio EAJ udal taldeak gobernuari

2020/11/11
Oñatiarren egungo beharretara egokitutako udalerri jasangarria eraikitzeko asmoz egindako proposamenak dira

  COVID 19 gaixotasunak ekarri duen egoera ez-ohikoa ahaztu barik, oñatiarren egungo beharretara egokitutako udalerri jasangarria eraikitzea da jeltzaleen lehentasuna prentsara azaldu dutenez. Eta zentzu horretan landutako proposamenak aurkeztu dizkiote gobernu taldeari.

  Pandemiaren ondorioz bereziki kaltetu diren sektoreei laguntzeko diru partidak sortzea proposatzen dute: dendari eta ostalariek egin behar izan dituzten inbertsioak arintzeko eta sektorearen digitalizaziorako formakuntza programa martxan jartzeko, baserriko produktuen salmenta digitala sustatzeko eta tokiko merkataritzaren aldeko kontzientziazio kanpainak egiteko.

  Kulturaren eta artearen sektoreak ere babes berezia behar duela deritzote jeltzaleek eta Kultura Saria  sortzea eskatu dute berriro. Hezkuntzan, DBH eta Batxilergoan, Gogora Institutuaren egitasmoa aurkeztea, ikastetxeetako liburutegiak hornitzeko dirulaguntzak eta Musika eskola berrirantz pausoak ematea proposatu dute. Gainera, oñatiarren beharretara egokitutako Oñati iraunkor bat eraikitzeko bidean, zahartze aktiboa sustatzeko Euskadi Lagunkoia egitasmora atxikitzea, bizikidetza ordenantza idazteko parte-hartze prozesua abiaraztea, Olakua-Olapotoko irisgarritasun planaren faseetan aurrera egitea, Arantzazuko komunak konpontzea eta  Urrutxuko zabortegi zaharra iragazgaitzeko exekuzio proiektuaren 2. fasea gauzatzea eskatu dute. Horrekin lotuta, kirol arloko proposamen bat, Urrutxun atletismo pista eraikitzeko proiektua egitea. Eta Azkoagainen zuloak estaltzen jarraitu ordez, hau ordezkatuko lukeen futbol zelai berri baten proiektua hastea proposatu zaio gobernu taldeari.

  Aurten gauzatu gabe gelditu diren hainbat egitasmo 2021eko aurrekontua txertatzea ere eskatu dute jeltzaleek: azterketa garaian kultur-etxean ikasgelak zabaltzea, adikzioen kontsumoaren inguruan adinkako diagnostikoa egitea eta landa-auzoetako argiteria hobetzea Murgixa eta Berezao auzoei lehentasuna emanez, besteak beste. Aurrekontu parte-hartzaileen bidez herritarrek proposatutakoak ere datorren urteko aurrekontua sartzea eskatu dute, eta halakoek duten garrantzia azpimarratu dute, herritarrei zor zaien errespetuagatik eta etorkizunean egin daitezken prozesuetan parte hartzeko motibazioa gal ez dadin.

  Aipatutakoak udal gobernuarekin adosteko eta lantzeko borondatearekin egindako  ekarpenak direla adierazten dute jeltzaleek eta 2021eko aurrekontuan txertatzea borondate politiko kontua dela erantsi dute prentsara zabaldutako oharrean.

Iturria: Oñati Irratia