2020ko aurrekontuaren likidazioa onartu du udalbatzak

2021/03/10
Card image cap
Diruzaintza gerakineko 3,5 milioi euro kiroldegia, Natur eskola eta Araotzeko ostatua egokitzeko lanetara bideratzea erabaki da aho batez

  Udal kontu-hartzaileak 2020ko aurrekontuaren likidazioaren inguruko hainbat argibide eman zituen otsaileko Osoko Bilkuran. 16,5 milioiko sarrerak eta 21,5 milioiko gastuak izan zirela adierazi zuen. 1,1 milioiko aurrezki arrunta izan zuen iaz Udalak eta ondorioz, urte ekonomikoa % 5,28ko zorpetze mailarekin itxi da. 2020an aurrezki garbia jaitsi zen arren positiboa izaten jarraitu duela bereziki azpimarratu zuen kontu-hartzaileak iazko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuenean. Era berean, ia 8 milioi euroko diruzaintza gerakina dagoela azaldu zuen eta Osoko Bilkuran bertan onartu ziren bi kreditu aldaketa egiteko erabiliko direla.

  4,5 milioi euro aurtengo aurrekontura gehitzea onartu zen, kreditu gehigarri modura. Diru horrekin martxan diren hiru lan amaituko dira: kiroldegia, Natur eskola eta Araotzeko ostatua. Aipatu hiru proiektuak estrategikotzat jo zituen Xabier Igartua zinegotziak. EAJren bozeramale lanak bete zituen Angel Biainek berriz, kiroldegian eraman den lan martxa egokia azpimarratu zuen baina Natur eskolan eta Araotzeko ostatuan ez dela berdin egin zehaztu zuen. Bi proiektu hauek asko luzatzen ari direla esan zuen eta behingoan bukatzea eskatu zuen.

  Diruzaintza gerakinetik erabilgarri geldituko diren 3,4 milioi euroak oraingoz ez erabiltzea ere erabaki zuen udalbatzak, aipatu hiru lan handiak amaitu arte. Gero, momentuko behar eta premien arabera erabakiko ei da diru hori zertara bideratu. Puntu horretan, aurtengo aurrekontua zehazterakoan jeltzaleek proposatutako proiektuak ere kontuan hartzea eskatu zuen Biain jeltzaleak.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!