“Zurekin hitz egin nahi dut” gonbidapenez “Berbalagun” egiteko kanpaina abian da

2015/09/16
Card image cap
Parte hartu nahi duten euskaldun berri eta zaharrek hilaren 25a arteko epea dute izena emateko

  Berbalagun talde txikitan euskaraz berba egiteko aukera ematen duen proiektua da. Horretarako, euskaldun zahar eta berriak elkartzen dira. Parte hartuko dutenei, astean behin ordubetez gutxienik elkartzeko konpromisoa eskatzen zaie.

  Egitasmoa, euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila dutenei zuzenduta dago: euskara ikasten ari direnentzat edota aritu direnentzat; euskaraz ondo berba egin arren Oñatira bizitzera etorri eta bertako euskalkia praktikatu nahi dutenentzat edota euskaraz berba egiteko erraztasuna galdu dutenentzat. Laguntzaile izateko berriz, euskaraz naturaltasunez aritzen direnei zuzentzen zaie egitasmoa.

  Parte hartzeko interesa duten guztiek, izen emate orria bete behar dute. Bertan, izen abizenak, taldearekin elkartzeko aukeran dituen orduak eta zaletasunak aipatzea eskatzen da. Horrela, taldeak osatzerakoan, ahal dela, zaletasun berdintsuak dituztenak parekatuko baitituzte.

  Berbalaguna egitasmoa 2013ko apirilean jarri zen martxan gurean eta azken bi ikasturteetan 20ren bat lagun aritu dira lauzpabost taldetan. Aipagarria da, iaz laguntzaile askokeman zutela izena eta zenbait kanpoan utzi behar izan zirela talderik sortu ez zelako.

  2015-2016 ikasturtera begira Zurekin hitz egin nahi dut gonbidapen-lema asmatu da eta informazio-izen emate orriak prestatu dira. Gaur-bihar artean banatuko dira etxeetara. Baina aurrez eskuratu nahi duenak,  udal euskaltegian eskatu dezake. Izen emate orria beteta Euskaltegira eramatea eskatzen da. Azken eguna, irailaren 25a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!