Oñatiko udala

“Udazken kulturala” egitasmoa gauzatzen ari dira Txantxiku Ikastolan

2015/11/24
Card image cap
Eskola barruko ekitaldiak eta herrira zabaldutakoak uztartzen dira kultura hamabostaldian

  Udazken kulturala egitasmoa, atzo hasi zen eta abenduaren 4ra arte luzatuko da. Bitarte horretan, ikastolako ikasle nahiz gurasoei zuzendutako tailerrak, solasaldiak eta emanaldi bereziak izango dira. Baina herritar guztiei zabaldutako ekintzak ere programatu dira. Ekintza ireki hauek ostiralean eta zapatuan egingo dira.

  Azaroaren 27abn, Kulki taldearen eskutik euskal jolasak egingo dira plazan. 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako ekimen honen oinarria baserriko joko eta jolasak izango dira. 16.45tan hasiko dira. 19.30tan berriz, Arozenatarrak txistu kontzertu berezia eskainiko da. Aitor, Urko eta Xanet Arozena anaiek, txistua, gitarra klasikoa eta perkusioa uztartuko dituen kontzertua dibertigarria eskainiko dute. Oiartzungo txistularien familia bateko laugarren belaunaldiko kide dira hiru anaiak eta duten musika prestakuntza zabalari esker, estilo ezberdinak jorratzeko gai dira, txistua oinarri beti ere, rock doinu gogorrak ere jotzeko gai dira. Kontzertua, Santa Ana aretoan izango da 19.30tan hasita, esan bezala, eta sarrerak, 3 €ren truke, aurrez, Ikastolako idazkaritzan eskuratu daitezke.

  Zapatuan berriz, Fair Saturday ekimenarekin bat egingo du Udazken kulturalak. Txantxiku Ikastolak eta Arrasateko Arizmendi ikastolak antolatu dute. Artea eta kultura uztartuko da festa giroan eta elkartasuna helburu delarik. 12.30tan Herrixa kantuan saioa egingo da kalerik kale eta  19.30tatik aurrera ekitaldi berezia eskainiko dute plazan Txantxiku ikastolako abesbatzak eta ikasle txistulari eta bertsolariek. Eguna borobiltzeko erromeria izango da Gaitzerdi taldearen eskutik. Oñatin nahiz Arrasateko ekitaldietan batzen den dirua Mundukide G.K.E.ari laguntzera bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!