“Transport: garraiotik kirolera” erakusketa birtualaren bitartez parte hartuko du Oñatik Ondarearen Europako Jardunaldietan

2019/09/12
Card image cap
Artea eta entretenimendua da aurtengo gaia

  Ondarea, plazara! lema dute Gipuzkoan laugarren urtez egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldiek. Aisialdiak ondarearekin zerikusian dituen osagai ukigarri eta ukiezinak esploratu ditzan proposatuko zaio publikoari. Horretarako, Gipuzkoako 32 udalerrietan egingo diren 62 jarduera eta 93 ekitaldi bildu dira irailetik azarora gauzatuko den programa berezian.

  Oñatik hasieratik bat egin zuen Ondarearen Europako Jardunaldiekin, bisita bereziak eskainiz. Aurten, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak parte hartuko du ekimenean, erakusketa berezi baten bidez. Erakusketa birtuala izango da eta ondorioz ez du eskatuko fisikoki Oñatira etortzea. Transport: garraiotik kirolera erakusketa berreskuratuko du horretarako.

  Erakusketa ibiltari moduan sortu zen Transport: Garraiotik kirolera izenekoa eta hala iritsi zen maiatzean Oñatira. Huesca, Nafarroa, Pirinio Atlatikoetako Departamentua eta Gipuzkoako hainbat artxiboren dokumentuz osatu zen erakusketa hura borobildu da eta Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Probintziako Artxibo Historikoaren web atarietan zintzilikatuko da, urritik aurrera, modu birtualean ikusi ahal izateko. Erakusketak, zortzi kirolen sorrera ezagutzeko aukera ematen du, dokumentuen bitartez: atletismoa, automobilismoa, abiazioa, ur kirolak, eskia, hipika, mendizaletasuna eta txirrindularitza.

  Atzo aurkeztu ziren Donostian aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiok, antolatu den programazio zabalaren berri emanez. Helburuak aipatzerakoan hiru azpimarratu ziren: aisialdiari, kirolari, jolasari eta jaiari lotutako gure ondareak duen garrantzia nabarmentzea; jolasa eta jaia kulturen arteko zubi bezala erabiltzea eta ondarea babesteko kontzientzia areagotzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!