“Oroitzapen-jardunaldia” Oteizaren obra Arantzazun jarri zeneko 50. urteurrena ospatzeko

2019/09/18
Mahai-ingurua eta bisita berezia antolatu dira

  Oteizaren estatuaria Arantzazuko basilikako fatxadan jarri zeneko 50. urteurreneko oroitzapen-jardunaldia 11:00tan hasiko da  Gandiaga Topagunean. Disziplina ezberdinetako lau aditu elkartuko dituzte solasean aritzeko: Miguel A. Alonso del Val arkitektoa, Javier Gonzalez de Durana historialaria, Juan Ignacio Larrea frantziskotarra eta Oteiza eta Arantzazuko estatuaria proiektuaren komisario eta Oteiza Museoko kontserbatzaile den Elena Martin. Jorge Oteizak Arantzazun egin lanaren garrantzia aztertuko dute, une hartako testuinguru kultural, sozial eta politikoan.

  Ondoren, 13:00 inguruan, Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruzko azalpen irakurketa egingo du basilikan, Kukai dantza taldea lagun duelarik. Azalpen bisita berezi honetan, proiektuak izan zuen bilakaeraren giltzak eta enkargu horrek Oteizarengan, bere ibilbide pertsonal eta artistikoan izan zuen garrantzia eta esangura aztertuko dira. Kukai taldearen dantzez osatuko den saioa izango da.

  Saioetarako sarrera librea da baina tokia mugatua denez, aurrez izena ematea eskatzen da, Gandiaga topagunera telefonoz deitu edo mezu elektronikoa bidaliz: 943 716 575 telefono zenbakian edo info@arantzazugandiaga.com helbidean.

  Larunbateko Oroitzapen jardunaldia Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko frantziskotarrek sustatu duten Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950- 1969 programaren parte da. Programa hori urtean zehar ari da garatzen, Arantzazuko proiektu artistikoaren garrantzia eta kultur esanahia aztertu eta zabaltzeko helburuz.

Iturria: Oñati Irratia