“Ontziratu zaitez!” kanpainako eragileek balorazio positiboa egin dute

2015/09/22
Card image cap
Tuperra erabiltzen jarraitzeko deia zabaldu dute

  Bi hilabete pasatu dira Udalak eta Kutxa Ekoguneak “Ontziratu zaitez” kanpaina abian jarri zutenetik. Arrandegi eta harategietan bilgarri gutxiago sortzeko helburua duen ekimenaren orain arteko ibilbideaz balorazio positiboa egin dute baina aldi berean, jarraitzeko deia ere bai.

  Ekimenean parte hartzen duten dendariek adierazi dutenez, kanpainak oso harrera ona izan zuen herritarren aldetik. Eta bezeroarentzat lehenengo momentuan esfortzu txiki bat eskatzen duen arren, erosketak egitera joaterakoan tuperra hartzeaz gogoratu behar baitute, barneratzen ari diren praktika ei da.

  Jasotako datuen arabera bi hilabete hauetan 2100 erosketa inguru egin dira tuperrekin, horrek, plastikozko poltsa eta bilgarri asko aurreztea ekarri duelarik. Erosketa kopurua altuena, ohikoa denez, kanpaina abian jarri zenean, uztailean sumatu zen eta abuztuan berriz, oporrak tarteko eta zenbait denda itxita zeudela, moteldu egin zen. Baina irailarekin batera ohitura berreskuratu eta zabaltzea espero dute ekimenaren sustatzaileek. Pizgarri gisa, tuperra erabiltzen dutenek sariak eskuratu ditzaketela gogorarazten dute. Gabonak bitartean, hilero 30 €ko erosketa txartelak zozkatuko dira atxikitutako dendetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!