“Ondarea bertatik bertara” egitasmoaren baitan, protokoloen artxibategi historikoa, Sancti Spiritus unibertsitateko kapera eta Arrikruzko koba ezagutzeko bisita gidatu bereziak egingo dira asteburuan.

2014/11/14
Card image cap

  Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta,  lurraldeko ondarea ezagutzera emateko bisita gidatu programazio berezia antolatu da bihar eta etzirako. 

  Hamabost herri batu dira ekimen horretan eta, orotara, berrogei ekintza antolatu dituzte Aldundiak koordinatuta. Lurraldean barrena, era guztietako ondarea ikusi ahal izango da. Oñati ere, ekimenera atxiki da eta herrian  dauden hiru ondare berezi, elkarrengandik oso ezberdinak direnak, bertatik bertara ikusi ahal izango dira.

  Bihar, unibertsitate zaharrean dagoen protokoloen artxibategi historikoa ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu dira: goizeko 11etan euskaraz eta 12.30tan gazteleraz.

  Artxiboaren funtsa aberatsa erakustea da helburua. Baina lekua oso txikia denez, bisita taldeak ere mugatu behar izan dituzte. Gehienera, 15-20 laguneko taldeak onartuko dira. Horretarako, izena aurrez eman behar da 943 78 12 05 telefono zenbakira deituta.

  Domekarako berriz, beste bi bisita gidatu antolatu dira gurean: turismo bulegoak koordinatuta, Sancti Spiritus unibertsitateko kapera ezagutu ahal izango da eguerdiko 12 eta erdietan egingo den bisita berezian. Izena, turismo bulegoan bertan eman behar da: 943 78 34 53 zenbakian. Goizeko 9 eta erdietan berriz, Arrikrutzko kobara bisita egin ahal izango da. Natur ondare hau ezagutu ahal izateko, izena, Arrikruzko erreserba telefonora deituta eman behar da: 943 08 20 00 zenbakian.

  Oñatin egin ahal izango diren bisita gidatu hauezaz gain, Hondarribiko gotorlekua, Oiartzungo Beloagako Gaztelua, Ezkio itsasoko Igartubeiti Baserria, Beasaingo Igartza jauregia edota Zestoako Irikaitz aztarnategia bisitatu ahal izango dira, besteak beste. Baita, Tolosako artxibo orokorra eta Bergarako Laboratorium museo proiektua ere. Bestalde,  familia giroan egiteko tailer edo lantegiak ere prestatu dira.

  Igandean ospatuko da ondarearen nazioarteko eguna. Egun horren aitzakian, Foru Aldundiak sentsibilizazio kanpaina hau jarri nahi du abian: gure ondarea ezagutzeak maitatzea ekartzen baitu eta ondorioz, babestea.

  Asteburukoa, zentzu horretan egiten den lehenengo ekimena da, proba, baina ondo irten ezkero errepikatu asmo dena.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!