“Oñatiko ur baliabideen kudeaketaren azterketa” egingo da.

2015/02/18
Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza eskolako ikasle batek proiektu gisa landuko du azterlana.

  Udal gobernu taldean aspaldiko kezka da herriko ur baliabideen kudeaketa. 2008an, uraren ziklo integrala Gipuzkoako Urak enpresaren esku utzi zenetik, udalak, kudeaketa honen inguruan zuen kontrola galdu egin du. Herrian dauden baliabide naturalak ugari dira, ura nonahi baitago. Horiek erabiltzeko biltze eta bideratze hoditeria azpiegiturak ere eginda daude eta erabilera konkretuetarako eskaera badagoen arren, ez zaie erantzuten. Kasua, industria erabilera da. Herriko zenbait enpresek industria erabilerarako ur hartune bat erabiltzeko interesa agertu duten arren, egun ez dute hartarako aukerarik.

  Udal mailan, gobernu taldeak behin baino gehiagotan aipatu du uraren zikloaren zati baten kudeaketa udalak berreskuratzeko aukera baina gaur egun hori bideragarria ote litzatekeen ez da aztertu.

  Zalantza eta kezka guzti horiek gogoan, Mondragon Unibertsitatera jo zen halako azterlan bat egin ahal izango ote litzatekeen planteatuz. Eta ingeniaritza eskolatik baiezkoa jaso da. Bertako ikasle batek, proiektu gisa “Oñatiko ur baliabideen kudeaketaren azterketa” egingo du.

Azterlanaren helburu nagusiak hauek lirateke:

- Herri onurako iturburu nagusiak identifikatu eta egungo aprobetxamendua zein den zehaztu.

- Industria erabilerarako ur-hartune bat aurreikusi eta egin zen arren, inoiz funtzionamenduan jarri ez dela kontuan hartuta, ur hartune hori erabiltzeko interesa luketen enpresak identifikatu eta erabilera hori zein baldintzetan egingo luketen zehaztu.

- 2008an Uraren ziklo integrala Gipuzkoako Urak-en esku utzi zenetik uraren prezioak izan duen bilakaera aztertzea eta

- Uraren zikloaren zati bat Udalak berreskuratzekotan, kudeaketaren  bideragarritasuna aztertzea, zehaztuz horretarako beharrezkoak liratekeen bitartekoak, inbertsioetarako dotazioak, eta abar.

Udalak, lan hau egitearren, 1.800 € ordainduko ditu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!