“Nerabeak nola hezi bere emozioei aurre eginez” izeneko formazio ikastaro berria antolatu dute udalak eta herriko guraso elkarteek.

2014/03/11
8 orduko tailerra, 11-14 urte arteko seme alabak dituzten gurasoei zuzendu da.

  Nerabezaroa aldaketa eta egokitzapen garaia da. Aurrera begirako garapenean ezinbestekoak diren egokitzapen prozesuak bizi beharko dira: familiatik bereiztea, lagunarteko eta bikote harremanak sendotzea, norbere identitatea garatzea eta abar. Seme alaben egokitzapen prozesu hau modu egokian gauzatu dadin familiaren laguntza oinarrizkoa da.

  Hala, “nerabeak nola hezi bere emozioei aurre eginez” izeneko tailerraren helburua, gurasoei bitartekoak eskaintzea da. Bitartekoak seme alabei laguntza modu eraginkorrean eman ahal izan diezaieten.

  Tailerrean, besteak beste nerabezaroak nerabeengan nahiz helduengan sortzen dituen sentimenduak aztertuko dira, nerabeek familiarekin duten harremana eta harreman horretan elkarrizketak eta adosteak duten garrantzia, arau eta mugen beharra eta herriko egoeraren argazkia aurkeztuta, honen irakurketa partekatua.

  Lehen hezkuntzako 6. maila eta DBH 1 eta 2. mailako ikasleei gurasoei zuzenduta dagoen tailer honek, 8 orduko iraupena izango du 4 egunetan banatuta: martxoaren 19an hasiko da eta jarraieko lau asteazkenetan emango da, arratsaldeko 6 eta laurdenetatik 8 eta laurdenetara.

  Pakita Mateos adituak eta Oñatin diharduten kale hezitzaileek emango duten tailer honetan izena emateko epea zabalik dago. Interesa dutenak telefonoz edo e.mailez egin dezake: 943 03 77 00 zenbakira deituta eta Ainhoagatik galdetuta edo mezua, ainhoa@oinati.net helbidera bidalita. Ostirala, hilaren 14a izango da izena emateko azken eguna.

Iturria: Oñati irratia