“Mugiment Kirol Txartela” ezartzeko lankidetza hitzarmena aho batez onartu zen Osoko Bilkuran

2019/12/03
Zubikoa kiroldegiko instalazioak ez ezik, Eltzian egokituko den behin behineko fitness gela atxikituko da hitzarmenera

  Mugiment Kirol Txartela Debagoiena eskualdean ezarri asmo da. Horretarako, bailarako udalek lankidetza hitzarmena onartu behar dute. Eskualdeko kirol zerbitzuetako bazkideek Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara eta Oñatiko instalazioak gain kosturik gabe erabili ahal izatea da xedea. Urtarrilaren 1etik ekainaren 30era jarriko da indarrean, proba moduan. Baina beste sei hilabetez luzatzeko asmoa dago.

  Mugiment txartela, kirol txartel birtuala izango da eta eskualdeko instalazioetan erabilgarri izango da, muga batzuekin. Tokian tokiko instalazioen eta eskaintzaren arabera, udal bakoitzak erabaki ahal izango du zein instalazio eta zein ordutan izango diren bailarako bazkideentzat erabilgarri. Zentzu horretan, Bergara eta Arrasateko igerilekuak Oñatiko erabiltzaileentzat mugarik gabe zabalik eskaintzea eskatu du udalak, ostiraleko Osoko Bilkuran argitu zenez. Izan ere, Zubikoako igerilekua abenduaren 31n itxiko baita, eraberritze lanen ondorioz. Oñatik, Zubikoa kiroldegiko instalazioak eta Eltzian egokituko den behin behineko fitness gela atxikituko dira lankidetza hitzarmenera.

  Ekimen honen sustatzailea Eusko Jarlaritzako Kultura eta Hizkuntza politika Saila da eta tokian tokiko kirol zerbitzuei eragin diezaieken diru galera Jaurlaritzak konpentsatuko du, hartarako propio sortutako diru fondoaz. Bilboko ezkerraldean indarrean dagoen esperientzia da Mugiment kirol txartela eta urte berriarekin Debagoiena eskualdera zabaldu nahi da. Horretarako, gaia, bailarako udaletan aztertzen eta eztabaidatzen ari dira.

  2020. urte berezia izango da Zubikoa kiroldegiko bazkideentzat, igerilekua itxi eta gimnasioa lekuz aldatuko direlako, besteak beste. Izango diren aldaketen berri emanez, bazkide kuotak nola geratuko diren azalduz eta guztien eskura izango den Mugiment kirol txartela aurkeztuz, azalpen esku-orriak prestatu dira. Gutunez bidaliko zaizkie bazkideei, datozen egunetan.

Iturria: Oñati Irratia