“Inaziotar Bidea Euskadin” aurkezpenean izan da Nerea Zubia

2015/07/15
Card image cap
Bihar egingo den Inaziotar Bidearen I. Foroan Mankomunitateko Turismo ordezkariak parte hartuko du

  Abuztuaren 1ean lehen jubileu urteari hasiera emango zaio Loiolako Santutegian. Aita Santuak ere, horren berri emango du egunean bertan. Baina aurrerapen gisa gaur eguerdian aurkeztu da Loiolan, Inaziotar Bidea izenekoa.
Bidearen aurkezpenean, turismo produktu honen garrantzia azaldu du Arantza Madariagak, Basquetour-eko zuzendari nagusiak. Ekitaldian, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eta  Bideak zeharkatzen dituen hainbat herritako alkate eta ordezkariek parte hartu dute, tartean, Nerea Zubia Oñatiko alkate-ordeak. Ana Heriz, Mankomunitateko Turismo teknikaria ere Loiolan izan da gaur eta hara itzuliko da bihar, Inaziotar Bidearen lehen foroan parte hartzera. Foro honetan Katalunia eta Euskadiko agente turistikoek bat egingo dute produktu berri hau ezagutzera emateko programak eta ekintzak  eztabaidatzeko. 

  Inaziotar Bidearen jatorria 1522an dago, San Inaziok, Erromarako bidean, Loiolatik Manresaraino egin zuen ibilbidea da. Turistikoki sustatu asmoz, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Katalunian barrena, 27 etapatan banatzen den ibilbidea da. Gerora Jesusen Konpainiaren sortzaile izango zenak osatu zituen etapak. Santiago Bide ezagunaren antzera, erromesak, kultur zaleak, esperientzia zaleak edota naturazaleak biltzea helburu duen ibilbidea da.

  Inaziotar Bideak Oñati, Arantzazu zeharkatzen du. Zumarragatik abiatzen den bigarren etapa Arantzazun amaitzen da eta hirugarrena, Arantzazu eta Araia artekoa da.

  Erromes bide honen sustapenean bereziki garrantzitsua izango da Gandiaga Topagunean egokitzen ari diren aterpetxea. Lanak oso aurreratuta daude eta irailean, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean edo irekitzea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!