“Herritik zuztarrera, zuztarretik herrira” kanpaina aurkeztu du Udalak

2020/06/10
Card image cap
Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko negozioen aldeko sentsibilizazio kanpaina da

  Herriko hirugarren sektoreko negozioak sustatzeko kanpaina honetan euskarri ezberdinak erabiliko dira, esku-orriak,  hedabide eta sare sozialen bidezko publizitatea, ikur adierazgarriak eta Herribusaren errotulatuko, besteak beste.
15 egunez luzatuko den sentsibilizazio kanpainak helburu bikoitza du: merkatari, ostalari eta zerbitzuen alorreko profesionalei errekonozimendu edo aitortza egitea, batetik, eta herritarrak jabetzea herrian kontsumitzeak duen garrantziaz, bestetik.

  Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, euren pertsiana behin behinean jaitsi beharra izan zuten herriko negozio askok. Argirik gabe egon ziren saltokiak, ostalaritza establezimenduak eta zerbitzu sektoreko negozioak. Hilabete hauetan ikusi da nolakoa litzateke horiek gabeko Oñati eta herriari ematen dioten zerbitzua herri moduan garatu, hazi, sendotu eta aurrera egiteko ezinbestekoa denaz jabetu gara.

  500.000 euroko diru-partida gorde du Udalak sektorea sustatzeko. Hainbat neurri hartu dira, eta hartu asmo dira, Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko: dirulaguntza bereziak sortu, bonu sistema ezarri eta kontsumoa sustatzeko kanpainak egin, tartean, Herritik zuztarrera, zuztarretik herrira izeneko sentsibilizazio kanpaina hau. Merkatari, ostalari eta zerbitzuek herriari ekarpen garrantzitsua egiten diotela azpimarratu du kanpainaren aurkezpenean Xabier Igartua Sozioekonomia batzordeburuak eta herriari bizitza, segurtasuna, konfidantza, kalitatezko enplegua, laguntasuna edo aberastasuna ematen diotela esan du.

  Kanpaina norabide bikoitzean diseinatu da, esan bezala, sektorean dihardutenei aitortza eginda eta herritarrei Oñatin kontsumitu dezaten eskatuta. Funtsean publizitatean oinarrituko den kanpaina hau sare sozialen eta komunikabideen bitartez zabalduko da baina beste euskarri batzuk ere erabiliko ditu: etxeetara banatuko diren esku-orriak eta negozioen atari edo erakusleihoetan itsatsiko diren ikurrak prestatu dira eta Herribusa ere errotulatuko da, lehenengoko aldiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!