“Herritarrekin”. Gipuzkoan azken bi urteetan izan diren parte hartze esperientziak biltzen dituen liburuaren aurkezpena egingo da gaur Arrasaten.

2014/02/10
Oñatin gauzatu diren esperientziak ere jaso dira.

  Aurrekontuak herrijorran edota Gaztelekuaren etorkizuna erabakitzeko parte hartze prozesua dira gurean azken urte hauetan garatu diren esperientzietako batzuk. Oñatin bezala, Debagoienean eta Gipuzkoa osoan ere herritarren parte hartze esperientzia ugari eman dira. Legealdi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko politikaren ardatz nagusienetako bat herritarren parte hartzea bultzatzea izan baita.

  2011an jada hainbat udalekin batera prozesu parte-hartzaileak abiatu ziren eta Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak bideratuta, 62 herritan 137 esperientzia martxan jarri ziren. Bi urteko lan oparo eta aberasgarri horren emaitza islatzen du gaur arratsaldean Arrasaten aurkeztuko den “Herritarrekin” liburuak.

  Imanol Azkuek idatzi duen liburuak Gipuzkoako hamar eskualdetan egindako lanaren eta esperientzien berri ematen du, Aldundiak eta Udalek bultzatutako lana eta herritarrek mamitutakoa. Ehunka pertsonek bi urtez elkarlanean egindako ahalegina eta lanordu ugariren lekuko izateko asmotan argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak liburu hau, eta orain protagonistekin batera aurkeztu nahi du.

  Debagoieneko aurkezpena, Arrasateko Kulturaten egingo da gaur arratsaldean, 18.30tan. Bertan, egilea eta foru aldundiko ordezkariekin batera, eskualdeko udaletako ordezkariak izango dira, tokian tokiko esperientzien ingurukoak azaltzen.

  Debagoienean aurkezpen bakarra egingo denez, udaletik, bertaratzeko gonbidapena zabaldu nahi zaie oñatiar guztiei baina bereziki, maila batean edo bestean gurean garatu diren parte hartze prozesuetan aritu diren herritarrei.

Iturria: Oñati irratia