“Gora Oñati antifaxista” leloa oihukatzen zuen jendez bete zen plaza atzo arratsaldean

2020/07/09
Card image cap
VOX alderdiaren hauteskunde ekitaldia salatzeko elkartu ziren

  Plazako frontoia erabiltzeko baimena zuen VOX alderdiak. Oñati Antifaxistak berriz plazan biltzeko deia egina zuen. Ertzaintzak segurtasun neurri sendoak hartu zituen eta bi taldeak berezituta mantendu zituen, Ertzain ilara luzea erdian kokatuta.

  Segurtasun neurriak plazan ez ezik, inguruko kaleetara zabaldu ziren, Bidebarrieta kalea esaterako, trafikorako itxi zuten azoka parean, eta VOXekoak zihoazenean San Juan kalera bideratu zen jendeari atzera egin arazi zioten. Baina ez zen aparteko arazorik sortu.

  Oñatin Guardia zibilaren omenezko ekitaldia egin asmoz Bergarako epaitegira jo zuen VOXek baimen eske. Epez kanpo aurkeztu zela adierazi arren baiezkoa eman zuen Zonaldeko Hauteskunde Batzordeko presidenteak. Hain zuzen ere, epez kanpo aurkeztu izana argudiatu zuen Udalak erabakiaren kontrako helegitea tartejarri zuenean baina ez zen onartu eta ekitaldia, egin-egin zen. Dozena bat lagun bildu zen VOXen ekitaldian. Ekintzaren kontrako protesta elkarretaratzera bildutakoek berriz, plaza bete zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!