“Fan hemendik” kolektiboak ez du Carlos Urquijok Segurtasun Sailari egindako eskaeraren berri ofizialik

2015/06/11
Card image cap
Une honetan, giza katea eta “Fan hemendik” eguna debekatzen duen agindurik ez dagoela zehaztu dute

  Fan hemendik taldeak ez daki zehazki Carlos Urquijo gobernu delegatuak zer eskatu dion Segurtasun Sailari, Fan hemendik eguna bera debekatzea eskatu duen ala, horren baitan arratsalderako antolatu den giza katea debekatzea eskatu duen. Duten informazioa, hedabideen bitartez zabaldu dena da soilik eta horren arabera, badirudi, kuartela inguratuko duen giza katea dela debekatzea eskatu dena. Zentzu horretan inolako agindurik ez dutela jaso esan dute. Gaiaz izan duten berri bakarra, orain bi egun, Ertzaintzatik jaso zuten deia izan zen; giza katea nondik nora egingo zen argitzeko zehaztapenak eskatu zizkieten telefonoz eta informazioa eman zieten.

  Gobernu ordezkariak egindako eskaeraren haritik giza katea debekatuko balitz, zapaturako antolatu dituzten gainontzeko ekintzek aurrera egingo luketela adierazi du “Fan hemendik” mugimenduko ordezkari batek eta giza katerik ez baina manifestazioa edo bestelako ekintzarik egin-egingo litzatekeela ere aurreratu du. Baina une honetan,  Fan hemendik eguneko egitaraua, kolektiboak iragarri bezala, bere horretan jarraitzen du kontrako agindurik ez baitute jaso.

  Fan hemendik egunak eta bereziki, kuartela inguratuz egin asmo den giza kateak kontrako jarrera eta adierazpenak jaso ditu. Carlos Urquijo gobernu ordezkariak galerazteko eskaera egin dio Segurtasun Sailari eta zuzenki Estefania Beltran Heredia sailburuari eta aurretik, COVITE biktimen elkarteak ere, eskaera berbera egin zuen. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak ere, gaiari erreferentzia egin zion atzo eta Fan hemendik bezalako protestak izanda ere, Guardia Zibila Euskal Herritik sekula ez dela joango adierazi zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!