“Eusko car-sharing” elkartearen proiektu-aurkezpena egingo da bihar udaletxean.

2012/11/12
Irabazirik gabeko elkarte honek, ibilgailuen erabilpen partekatu eta kolektiboa sustatzen du. Biharko aurkezpen ekitaldia irekia, herritar guztiei zuzendutakoa izango da.

  Udal gobernu taldeak, hirigintza atalean dituen helburu estrategikoetako bat mugikortasun eraginkorra da. Horren baitan kokatzen dira besteak beste, bidegorri sarearen garapena, herribus proiektua edota oinezkoen pasealeku naturalen berreskurapena.

  Herri mailan proiektu horiek lantzen ari diren bitartean, kanpotik bestelako proposamenak iristen dira, aipatu dugun “eusko car sharing” elkartearena, esaterako.

  Eusko Car Sharing Elkartea diru irabazirik gabeko elkarte bat da. Ibilgailuen erabilpen partekatu eta kolektiboa sustatzen du. Behar puntualetan, orduka eta prezio merkean, ibilgailu bat eskuratzeko, alokatzeko aukera ematen du. Ibilgailua erosi, segurua egin edota mantenimendu gastuak ordaindu beharrik gabe. Alde horretatik, erabiltzaileak aurrezpen ekonomiko garrantzitsua du baina proiektuak ingurugiroari ere mesede egiten dio eta egungo mugikortasun ereduak baino kostu sozial txikiagoa du.

  Eskaintza,  tarteka bigarren automobil baten beharrean dauden pertsonei zuzenduta dago. Baita egoera pertsonal berria eta ibilgailuaren karga kostua handiegia gertatzen zaien lagunei edota garraio kolektiboaren erabiltzaile eta mugikortasun iraunkorraren kontzeptu eta filosofiarekin bat egiten dutenei ere.

  Udalak proiektua begi onez ikusi du eta Bizkaian, Uribe Kosta eskualdean edota Areatzan dagoeneko martxan den esperientzia sakonago ezagutu nahi du. Baina halako egitasmo bat  enpresa, ikastetxe eta edozein herritarrentzat interesgarria izan daitekeenez, aurkezpena ireki eta interesa duten herritar guztiei zabaltzea erabaki da.

  Eusko car sharing elkarte eta proiektuaren aurkezpena bihar bertan egingo da. Arratsaldeko 7etan Udaletxean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!