“Estatuen esku-hartzea gelditu!” lemapean, euskararen normalizazioaren aldeko elkarretaratzea egingo da bihar udaletxe aurrealdean.

2014/04/08
Card image cap
Udal Gobernu Taldeak, ekintzan parte hartzeko gonbidapena zabaldu du.

  Kontratazio administratiboen hizkuntza irizpideen haritik Carlos Urquijo estatuko ordezkariaren errekerimendua jaso duten herrietan, estatuen esku hartzea gaitzesteko elkarretaratzeak Kontseiluak deitu zituen hasieran. Ondoren, EH-Bilduk eta LAB sindikatuak bat egin dute mobilizazioekin.

  Urquijok, 37 udal salatu ditu kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezarri zituztelako, tartean, Oñatiko udala. Ondorioz, bihar arratsaldean, Oñatiko plazan ere elkarretaratzea egingo da “estatuen esku-hartzea gelditu!” lemapean.

  Udal gobernu taldeak mobilizazioan parte hartzeko deialdia eginez, adierazpena zabaldu du prentsara. Bertan dioenez, egungo antolamendu juridikoak euskara eta gaztelania ofizialtzat jotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako zati handi batean. Euskaraz aritzea beraz, ez da hautazkoa herri administrazioarentzat. Aitzitik, legezko eskakizuna da eta administrazioaren jarduera guztietan, baita kontratazio publikoetan ere.

  Udal administrazioek ez dute dena den, euskaraz normaltasunez lan egiten eta administrazio kontratuetan hizkuntza baldintzak zehaztu eta ezarri dituzten zenbait udalek, Espainiako gobernu ordezkariaren errekerimendua jaso dutela dio, udal gobernu taldearen idatziak.

  Oñatiko udaletxera, urtarrilaren 8an iritsi zen Carlos Urquijok sinatutako errekerimendua. Bertan, kontratazio administratiboetan hizkuntza irizpideak txertatzearen inguruan eta gerora, zenbait erakunde salatzen ari zirela ikusita, arautegia bertan behera uzten zuen Osoko bilkuraren erabakiaz argibideak eskatzen zituen. Urtarrilaren 31ko dataz, idatzia bidali zitzaion gobernu ordezkariari eta gerora ez da beste berririk jaso.

  Baina errekerimenduak eta salaketak, euskararen ofizialtasuna praktikan jartzeko oztopo direla dio udal gobernu taldeak eta euskaldunon eskubideen kontrako inposizio onartezina dela ere badio prentsara zabaldutako idatziak.

  Guzti horrengatik, Kontseiluak hasieran deitu zuen elkarretaratzearekin bat eginez, bihar arratsaldean, herritarrak plazara agertzeko gonbidapena egiten du. “Estatuen esku-hartzea gelditu” lemapean egingo den elkarretaratzea, udaletxe aurrealdean egingo da arratsaldeko 7etan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!