“Elkartasuna ez da delitua! Nagoretxo libre” lemapean hainbat ekintza antolatu dira Nagore Lazkanori elkartasuna azaltzeko

2015/03/12
Card image cap
“Terrorismoa goratzea” leporatuta datorren asteazkenean epaituko dute

  Nagore Lazkano oñatiarra, Gasteizko Txapelarri tabernako tabernaria da. Epaiketa, iazko martxoaren 27an egin zen ikasle grebaren harira dator. Egun hartan, Ertzaintza Txapelarri tabernara sartu zen gazte bat identifikatu asmoz. Lokalean sakabanatuta dauden auzoko presoen argazkiak zeudela ikusirik lanean ari zen tabernaria identifikatu zuten eta argazkiak eraman zituzten. Gerora, “terrorismoa goratzea” leporatuta auziperatu egin zuten.

  Epaiketa datorren asteazkenean, hilaren 18an, egingo da Auzitegi Nazionalean. Bi urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa eskatzen dute.

  Egun Gasteizen bizi den arren, Nagore Lazkano oñatiarra da eta bertan bizi zenean ere tabernari lanetan aritu zen. Horregatik, hainbat elkartasun ekintza antolatu dira gurean “elkartasuna ez da delitua! Nagoretxo libre” lemapean.

  Ostegunetako pintxopotea elkartasun pintxopotea izango da gaur. Ekimenarekin bat egin dute: Boga, Aloña, Arrano, Txaketua, Izarraitz, Luisena, Pako, Harripe, Xagu, Ongi, Ona eta Portuko tabernariek. Datorren astearte arratsaldean berriz, elkarretaratzea egingo da plazan eta asteazkenean, Madilera epaiketara joateko autobusa jarriko da. Autobusean lekua hartzeko, izena, Arrano tabernan eman behar da.

  Oñatin bezala, Nagore Lazkanorekin elkartasunean Gasteizko eta beste zenbait herritako tabernariek ere ekintza bereziak egin izan dituzte aurreko asteetan.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!