“Elkarlana beharrezkoa dela argi dugu, ez da ika-mikatan ibiltzeko momentua” esan du Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak

2020/04/27
Card image cap
Neurri ekonomikoen mahaian adostutakoaren harira zabaldu diren informazioen aurrean minduta azaldu da

  EAJ udal taldeak prentsa-oharra zabaldu du Covid 19ari aurre egiteko elkarlana aldarrikatuz, Udal mailan hartu dituen neurriak argituz eta neurri horiek komunikatzerakoan EH Bilduk izan duen jarrera salatuz.

  Covid 19ak gure osasuna arriskuan jarri duela eta gizarteak erantzun bikaina eman duela azpimarratuz hasten du EAJk prentsara zabaldu duen oharra. Guztion artean egiten ari garen esfortzua fruituak ematen ari dela eta gaitzari aurre egiteko bidea elkarlana eta batasuna direla aipatzen du Ainhoa Galdos EAJ udal taldearen bozeramaileak. Horregatik, osasun krisi honek eragindako ondorio ekonomiko larriei aurre egiteko eta inor atzean ez uzteko elkarlanerako prestutasuna azaldu zuela EAJk, eta udal mailan hartu beharreko neurriak lantzeko mahaia sortzea proposatu zuela gogorarazten da oharrean.

  Guztiok bat eginik arazoei irtenbideak bilatu eta indarrak batzekoa ordua dela dio Galdosek eta alde horretatik minduta azaldu da EH Bilduren jarrerarekin, elkarlanean adostutako neurriak udal gobernuaren erabaki bezala aurkeztu nahi izan dituelako eta bide batez, Eusko Jaurlaritzaren aurka jota. Horri, leialtasun eza irizten dio Galdosek. Elkarlana beharrezkoa den garai hauetan horrelako jarrerak ez dira onargarriak esan du bozeramale jeltzaleak. Erakunde bakoitzak bere esku dagoena egin beharko duela eta ika-miketan ibili gabe elkartasunerako momentua dela adierazi dute jeltzaleek eta lehia politikoan denak ez duela balio azpimarratu dute.

  Udalean martxan jarritako mahaian bi taldeek adostutakoak aipatzerakoan, erosketa bonuak; tokiko ekonomia ehuna mantentzeko neurriak; merkatarai, ostalari eta profesional autonomo edo enpresa txikiei laguntzekoak, nahiz Gizarte zerbitzuetara bideratuko den diru extrari erreferentzia egiten die besteak beste, EAJren prentsa oharrak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!