“Elkabusa” Elkar Hezi ikastetxera elkarrekin eta oinez joateko esperientzia berria hasi da gaur

2015/06/16
Card image cap
“Eskolako bidea” proiektuaren baitan antolatu den ekimena, gaur, bihar eta etzi burutuko da

  Eskola bidea proiektu hezitzailearen ikasturteko azken fasea da Elkar Hezin gaur abiatu dutena. Esperientzia pilotu moduan, ikastetxera oinez eta lagun artean joateko ekimena gauzatzen ari dira. Aurrez, maiatzean zehar, Urgain eta Txantiku ikastolan antzerako ekintzak egin zituzten.

  Ikastetxe bakoitzak bere erara moldatu du eskolara elkarrekin joateko egitasmoa. Urgain-Errekalden urteak daramatzate Eskola trena deritzoten ekintza gauzatzen eta bi astetan zehar egunero egin zuten. Txantxiku ikastolan, proba moduan, maiatzeko lau eguaztenetan burutu zuten. Elkar Hezin berriz, gaur, bihar eta etzi egingo dute. Horretarako, ikasleek, bizitokiaren arabera, topaleku ezberdinak izaten dituzte eta eskolarainoko bidea elkarrekin eta oinez egingo dute. Horrela, oinarria berdina izanik ere, aldagai txikiekin probatutako esperientzien balorazioa egingo dute ikastetxeek, Udalak eta eskola bidea egitasmoa dinamizatzen ari den enpresak. Balorazio horren arabera zehaztuko dute datorren ikasturteko ekintzen plangintza.

  Eskola bidea egitasmoa aurten abiarazi da gurean. Lehen urrats gisa, ikastetxeetara joateko ibilbide nagusien bide segurtasuna aztertu zen. Udalak hartarako kontratatu zuen aholkularitza enpresak oinarrizko azterketa teknikoa osatu zuen eta Udaltzaingoarekin kontrastatu zuen, gune edo egoera arriskutsuak nola konpondu eztabaidatuz. Aldi berean, guraso, irakasle eta ikasleen ekarpenak jaso ziren egoeraren diagnostiko komunitarioa eginez.
Diagnostikoa ikastetxeen esku jarri zen eta horren arabera gauzatu dira, maiatza eta ekaina arteko ekintza konkretuak.

  Hile honen amaieran edo uztaila hasieran egingo da eskola bidea egitasmoaren balorazioa eta 2015-2016 ikasturterako ekintzak zehaztuko dira.      

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!