“Egiaren batzordeak” eta Euskal Herriko gatazkaren inguruan izan dezaketen lekuaz hitzaldia egingo da Unibertsitate zaharrean

2020/01/14
Card image cap
Hegoafrika eta Kolonbiako kasuak oinarri izango dira

  Lege Soziologia Institutuak hilaren 21erako antolatu duen hitzaldia da Comisiones de la verdad y Justicia Transicional: Los casos sudafricanos y colombianos izenekoa. Lege Soziologia Institutuko irakasle diren Stephan Parmentier eta Camilo Umaña izango dira hizlariak.

  Giza eskubideen urraketa larriei eta nazioarteko krimenei aurre egiteko bitarteko garrantzitsu gisa sortu dira Egiaren batzordeak, azken hamarkadetan. Prozesu penalekin alderatuta, pasatako urraketak argitu eta etorkizunean elkar ulermenerako oinarriak eraikitzeko bide ez judizial gisa eratzen dira Egiaren batzordeak. Batzorde hauetako batzuk berradiskidetzea eta zaurien osaketa errazten edo bideratzen saiatzen dira. Aldi berean, auzibide penalen alternatiba edo osagarri moduan diseinatu daitezke. 

  Datorren asteartean emango den hitzaldian hainbat gai argitzen saiatuko dira: zeintzuk diren egiaren batzordeek dituzten oinarrizko ezaugarriak eta erronka nagusiak; zein lotura duten egiak eta berradiskidetzeak; egiaren batzordeek pasatako krimenei erantzukizun gehiago eransten ote dioten edota egia argitzeko bitarteko soilik ote diren; Hegoafrikako eredua munduko beste lekuetan erabilgarri ote den; Egun lanean diharduen Kolonbiako batzordeak ohiko batzordeen zereginekiko bilakaerarik ekarri ote duen. Euskal Herrian halako egiaren batzorde bat posible eta erabilgarri litzatekeen ere argitzen saiatuko dira hizlariak.

  Egiaren batzordeak eta justizia trantsizionalari buruzko hitzaldia irekia da, interesa duten herritar guztientzat. Hilaren 21ean, datorren asteartean emango da, Lege Soziologia Insitutuko liburutegian, 18:00tan hasita.

  Hitzaldia, Lege Soziologia Institutuak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatu ohi dituen hitzaldi sortaren baitan kokatzen da. Datorren asteartekoa, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean antolatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!