“Ahotsenean elkartuko gara” jardunaldia egingo da martxoaren 24an, Beratu jaialdiaren baitan

2018/02/27
Card image cap
Profesional eta musikarien arteko topaketak, hitzaldiak eta zuzeneko emanaldiak egingo dira Eltzian

  Autogestioak, digitalizazioak eta belaunaldi aldaketak, besteak beste, eszenatoki berri batean kokatu du euskal musika. Eszena berri horretan sortzen diren galdera, zalantza eta kezka ezberdinei erantzunak bilatu eta emateko Ahotsenean elkartuko gara jardunaldia antolatuko da Beratu jaialdiaren baitan, martxoaren 24rako. Lau zutabe nagusi izango ditu ekimen honek: profesionalen eta musikarien arteko topaketak, hitzaldiak, musika azoka eta zuzeneko emanaldiak.

  Profesionalen eta musikarien arteko topaketan, musika eszenan narbamendu diren sail ezberdinetako profesionalak eta musikariak bilduko dira  speed meeting edo elkartze azkarrak eginez. World cafe dinamika jarraituko da. Hala, musikariak seiko taldetan bilduko dira eta eztabaida mahairik-mahai ibiliko dira profesionalekin berba eginez. 15 minutuko tartea izango dute mahai bakoitzean. Musikariak mahai guztietatik igaro ondoren antolatzaileak profesionalekin bilduko dira eta hauek jasotako ondorioak aurkeztuko dituzte. Ekimen honen bidez euskal musikak egun bizi duen paradigma berria ulertu eta honi erantzunak ematea bilatzen da.

  Beratu jaialdian parte hartuko duten hiru lagunek berriz, 20 minutuko hitzaldi bana eskainiko dute. Hitzaldiok ikus-entzunezko baliabideez lagunduko dira baina ez da galderak egiteko tarterik izango, ez behintzat aurkezpen unean. Gero bai, hala nahi duenak profesional hauekin berba egiteko aukera izango du Eltzia guneko areto nagusian.

  Eltzia eraikinean Ahotsenea plaza gunea egokituko da eta La Basu, Hiri Galduak, Morau, eta Inun taldeek ordu erdiko kontzertuak eskainiko dituzte.  Gainera Musika azoka ere egingo da eta Ahotsenea topaketan parte hartzen duten musikariek euren diskoak saltzeko aukera izango dute, Eltziako areto nagusiaren alboan dagoen patioan.

  Ahotsenean elkartuko gara jardunaldian parte hartzeko izena eta datuak ahotsenea@durangokoazoka.eus  helbidera bidali behar dira; musikariaren izen-abizenak, taldea, nondik datorren eta harremanetarako helbide elektronikoa eta telefonoa eskatzen da. Izen-emate epea martxoaren 18an amatuko da.

  Jardunaldi berezi hau 09:30tan hasiko da eta goizean, topaketa eta hitzaldiak egingo dira. Bazkalostean berriz, musika azoka eta kontzertu akustikoak izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!