“Abeltzaintzako jarduera osagarriak” ziurtagiria eskuratzeko formazio ikastaro antolatu du Udalak

2019/07/02
HAZI fundazioa eta Gomiztegirekin elkarlanean antolatu da

  Abeltzaintza arloan lan egiteko interesa izan eta langabezian dauden pertsonei zuzendutako formazio ikastaroa da Abeltzaintzako jarduera osagarriak izanekoa. Oñati eta Debagoieneko langabeek lehentasuna izango dute ikastaro teoriko-praktiko hau egiteko. 15 plaza daude eta helburua, lehenengo mailako profesional ziurtagiria eskuratzea izango da. Ondorioz, aurrez ez da aparteko ezagutza edo formaziorik eskatzen ikastaroan parte hartzeko, baina langabezian egon behar da eta Lanbiden izena emana izatea eskatzen da.

  Abeltzaintzako jarduera osagarriak ziurtagiri profesionala eskuratzeko ikastaroak 510 orduko iraupena izango du. Irailean hasiko da Zubillagako Olaburu zentroan eta praktikak,120 ordu, Gomiztegin eta beste esplotazioetan egingo dira, urtarrila-otsaila inguruan. Bitartean, bisita teknikoak ere egingo dira. Ikastaroa, astelehenetik ostiralera 8:30tatik 14:30tara egitea aurreikusten da.

  Informaziorako, HAZI fundazioaren web atarira jo daiteke. Izen-ematea ere, atari horretatik bertatik egin behar da. Izena emateko epea zabalik dago jada, uztailaren 26ra arte.

  Udalak eta HAZI fundazioak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten orain hilabete gutxi dela. Helburua, lehen sektoreari buruzko formazio ikastaroak Oñatin, Olaburu zentroan eman ahal izatea. Hitzarmen horren babesean egingo den lehen ikastaroa da irailean hasiko den hau. Jarraipena ere eman nahi zaio, eta gauzak ondo, datorren urtean, Abeltzaintzako jarduera osagarriak bigarren mailako profesional ziurtagiria eskuratzeko ikastaro berria antolatuko da.

  Udalak urteak daramatza profesional mailako ziurtagiriak eskuratzeko formazioa ematen. Orain arte, menpekotasuna duten pertsonen zaintza arloan dihardutenei zuzendutako formazio saioak eman dira, baina irailean, abeltzaintza arloan lan egiteko interesa dutenei zuzenduta emango da. 

Iturria: Oñati Irratia