Oñatiko udala

“Abeltzaintza ekologikoa” formazio ikastaroa antolatu du Udalak, HAZI fundazioa eta Gomiztegirekin elkarlanean

2020/03/06
Card image cap
Instalazioak eta ekipamendua eta aziendaren maneiua moduluak emango dira

  Abeltzaintza ekologiko arloan lan egiteko interesa izan eta langabezian dauden pertsonei zuzendutako formazio ikastaroa da Abeltzaintza ekologikoa izanekoa. Ikastaroa bi moduluz osatuko da: abeltzaintzako ustiategiko instalazioak, makinak eta ekipamendua, batetik, eta ustiategi ekologikoetako aziendaren maneiu arrazionala, bestetik. Bata bestearen jarraian egingo dira, apirilaren 6tik 29ra lehena, eta 30etik ekainaren 10era bigarrena. Interesatuek izena, batean edo bietan eman dezakete, eta ondorioz, ziurtagiri profesionalak zatika edo modu partzialean eskuratzeko aukera izango da. Abeltzaintza ekologikoa ikastaroa langabezian dauden eta Lanbide zerbitzuan izena emana dutenei zuzenduta dago.

  Abeltzaintzako ustiategien instalazioak, makinak eta ekipamendua izeneko lehen modulua, 90 ordukoa izango da, apirilaren 6tik 29ra, esan bezala. Abeltzaintzako ustiategiaren instalazioen osagaiak eta prestaketa landuko da, hau da, ur, elektrizitate, berokuntza, aireztapen eta klimatizazio instalazioetako osagaiak, mantentze-lanak eta oinarrizko konponketak; garbiketa eta desinfektazio lanak; azpiproduktuen kudeaketa eta hondakinak desagerrarazteko ekipamenduak eta prozedura seguruak, besteak beste. Abeltzaintzako ustiategiko makinen eta ekipamenduen lehen mailako mantentze-lanak eta oinarrizko konponketak eta erabilerarako prozedura seguruak ere ikasiko dira.

  Ondoren hasiko den bigarren modulua luzeagoa izango da, 200 ordukoa eta ustiategi ekologietako aziendaren maneiu arrazionalean zentratuko da. Abeltzaintza ekologikoan interesgarriak diren ugaztun- eta hegazti-arrazak identifikatuko dira, abeltzaintza ekologikoa nekazaritza-basoko sistemen aprobetxamendu-modu gisa landuko da eta ustiategi ekologikoko azienda maneiatzearekin lotutako oinarrizko araudia errepasatuko da, besteak beste.

  Abeltzaintza ekologikoa izenpean bildutako bi modulu hauek Oñatin egingo dira, astelehenetik ostiralera 8:30tatik 14:30tara. Izena emateko epea zabalik dago jada eta informaziorako, HAZI fundazioaren web atarira jo daiteke. Izen-ematea ere, atari horretatik bertatik egin behar da.

  Udalak eta HAZI fundazioak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten iaz.  Helburua, lehen sektoreari buruzko formazio ikastaroak Oñatin ematea da. Hitzarmen horren babesean Abeltzaintzako jarduera osagarriak bigarren mailako profesional ziurtagiria eskuratzeko ikastaroa egin zen, iazko azaroan hasita, eta orain bi moduluz osatutako bigarrena letorke, abeltzaintza ekologikoaren ingurukoa, biak ere, abeltzaintza arloan lan egiteko interesa dutenei zuzenduta.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!