2019ko udal zerga eta tasei egindako ekarpenak azaldu ditu Oñatiko EAJk, prentsa ohar bidez

2018/10/19
Card image cap
Hainbat hobari berri sartzea lortu dela azpimarratu dute nahiz eta banda marroi-gorria gaitzak jotako pinudiak kontribuzioa ordaintzetik kanpo uztea baztertu den

  Urriaren 4an onartu ziren 2019ko ordenantza fiskalen dokumentuan EAJko udal-taldeak proposatutako hobari berriak jaso zirela adierazten du jeltzaleen prentsa-oharrak. Onartutako hobariak tokiko merkataritzaren eta herritarren mesederako direla eta, oso garrantzitsutzat jo dituzte. Obrei ezarritako zergak murriztera datozen hobariak zerrendatzen dira EAJren idatzian: % 75eko hobaria, obrak eta berritze-lanak egiteko herriko negozio txikietan; % 95eko hobaria, EITak behartuta egin beharreko obretarako % 75eko hobaria, fatxadak berritzeko herrigune historikoan dauden eraikinetan eta % 50eko hobaria berritzen den fatxada bakarra den kasuetarako; % 25eko hobaria, legeak ezarritako zarata-maila gainditzen dela ikusi den guneetan leihoak aldatzeko. Horiek, esan bezala, EAJren proposamenez onartu diren hobariak.

  Baina beste bi proposamen ez ziren onartu eta ondorioz ez dira jaso 2019ko ordenantza fiskaletan. Bat, kiroldegiko bazkide diren familiei dagokie, familia bazkide txartelean sartu daitezkeen seme-alaben adina 21 urtetik 23ra jasotzea proposatzen baitzuten. Bestea berriz, banda marroi-gorriak jotako pinudien jabeei kontribuzioa ez kobratzeko proposamena da. EAJko udal taldearen iritzian, banda marroi-gorri gaitzak kalte handiak eragingo dizkie pinudi jabeei, ondare balioa galtzen ari baitira. Alde horretatik, eta beste sektoreetan kalte nabarmenak izaten direnean jokatzen den bezala, honetan ere, galerak arintzeko neurriak har daitezela eskatu dute jeltzaleek. Konkretuki, izurriteak jotako 15 urtetik gorako pinudiak kontribuzioa ordaintzetik kanpo uztea proposatu zuten. EH Bilduren udal-gobernuak, salbuespen hori ez duela onartu adierazten dute jeltzaleek prentsa-oharrean, iraganeko foru arau bat argudiatuta, hau da, 1989ko foru-arauen arrazoi teknikoetan oinarrituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!