2019ko udal aurrekontuen betetze maila baxua dela eta kezka azaldu du EAJk

2019/12/05
Card image cap
Partaidetzazko Aurrekontuak prozesutik eratorritako partiden betetze maila ikusita etsipenez azaldu dira ordezkari jeltzaleak

  Parte hartze prozesutik eratorritako partiden betetze maila baxua ikusita engainatuta sentitzen direla eta herritarrak ere hala sentituko direla azaldu dute jeltzaleek prentsara zabaldutako oharrean, prozesuari babes osoa eman eta publikoki konprometitu zirela gogorarazten dute idatzian.

  Azaroaren 27ko datuak eskutan, bete ez diren zenbait inbertsio zehazten dituzte jeltzaleek idatzian, hara nola, komun irisgarria jartzeko 110.000 euroko partidatik 3.738€ erabili direla, zebrabideak argitzeko 20.000 euroko partidatik 2.262, Olakua auzoko kirol pista edo kantxa hobetzeko 47.000 euroko partidatik 8.040 euro, edota bizikletentzako aparkaleku estaliak egiteko 60.000 euroko partidatik zero, adierazi du EAJren udal taldeak. Azaroaren amaierako datu horien arabera, betetze maila %6 inguruko dela, benetan baxua jeltzaleen esanetan.

  2019ko aurrekontuen betetze maila baxua orokorra dela diote jeltzaleek, baita Gobernuak berak proposatutako edo oposizioak egindako ekarpenekin jasotako diru partidetan ere. Kasu honetan betetze maila % 33koa dela zehazten da, azaroa amaierako datuen arabera. 

  Aurrekontuetan jasotzen diren konpromisoak bete beharrekoak direla, bereziki herritarren ekarpenak badira, gaineratzen du EAJren idatziak. Aldi berean, denborarik galdu gabe lanari gogor ekitea eskatzen du, Oñati atzean gera ez dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!