2019ko larreratze kanpainari buruzko oharra kaleratu du udalak animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz

2018/11/28
Aloabel elkarteak eta udalak deitutako auzolaneko partaideek, %100 hobaria jasoko dute larreratze tasan

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, zaldi eta behiak behar bezala identifikatzea eta hazteria edo sarnari, tricomoniosis bovina eta karbunko deritzon gaitzei aurre egin ahal izateko neurriak.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomoniosis bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik. Artalde eta zezenen osasun egoera ona egiaztatzen duten agiriak gerora aurkeztu beharko diren arren, larreratzeko eskaera orain egin behar da. Gainera, karbunko deritzon gaitzaren kontrako txertoa jartzeko gomendioa ere egin da aurten udaletik. 2018ko kanpainan hainbat txahal eta moxal gaitz honek eraginda hil direla ikusi da eta berez, derrigorra ez den arren, karbunko deritzonaren aurkako txertoa jartzea gomendatu du udalak.

  Aloñako larreetara nahiz Artia aldera ganadua eraman asmo dutenek horren berri udal bulegoetan eman behar dute. Abenduaren 31a izango da jakinarazpena egiteko azken eguna. Behin epe hori igaro ondoren ez da larreratze baimenik emango. Urte amaiera bitartean, Aloñan larreratu asmo diren ardi, bildots, behor eta behi kopurua eta tasaren ordainketa helbideratzeko kontu korronte zenbakia jakinarazi beharko zaio udalari. Tasei dagokienean aldaketa esanguratsua sartu zen 2016an auzolana sarituz. Hala, udalak eta Aloabel Elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatuko zaie larreratze tasetan.

  Larreratze kanpainaren oharra ganadua Aloñara eraman asmo dutenei zuzenduta dago baina baita Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei ere, hauen kopurua ezagutu nahi baita. Kasu honetan, datuak helburu estatistikoz jasotzen ditu udalak. 

  Aloña-Urbia gunean larreratutako behi eta zaldi aziendak behar bezala identifikatuta egon beharko dira. Foru aldundiak besterik erabakitzen ez duen bitartean, lepoko eta krotalen zenbaketa 0tik hastea erabaki da. Horregatik, larreratze baimenak eskatzerakoan lepoko eta krotal zaharrak entregatu beharko dira udaletxean eta baimena eskuratzerakoan berriak emango dira.

  2019ko larreratze kanpainaren inguruko jakinarazpen idatziak, auzo alkateei eta Aloabel Abeltzainen Elkarteari bidaliko zaizkie.

Iturria: Oñati Irratia