2018ko zerga ordenantzak aztertuko dira arratsaldean

2017/10/05
Hiru astetan egiten den hirugarren Osoko Bilkura izango da

  Gai bakarra baina herritarrentzat garrantzitsua arratsaldeko osoko bilkura berezian eztabaidatuko dena: udalak eskaini ohi dituen zerbitzuengatik ordaindu beharko diren tasa eta zergak. Udal ordenantza fiskalak urrian onartu ohi dira gurean. Orain arte hile amaierako Osoko Bilkuran aztertzen ziren. Tramitazio administratiboa bete, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean garaiz argitaratu eta urtarrilaren 1ean indarrean sartu daitezen, eztabaida eta onarpen prozesua aurreratu beharra ikusi da, horregatik, gaia aztertzeko osoko bilkura berezia deitu da gaurko.

  2018ko zerga ordenantzak zehazteko irizpide nagusia % 1,5aren igoera aplikatzea izan da. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan iaz izan zen KPIaren adinakoa. Irizpide nagusia hori izan da baina ez da udal zerga eta tasa guztietan islatu. Ondasun higiezinen zergan esaterako ez da halako igoerarik proposatzen. Aipagarria da gainera, hobari berriak aurreikusten direla; trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan, ibilgailu elektriko eta hibridoak hobaritzea proposatzen du gobernu taldeak.

  Baina udal zerga eta tasa guztien inguruko xehetasunak eman, gobernu taldearen proposamena zehaztu eta eztabaidatu, 19:00tan hasiko den osoko bilkura berezian egingo da.

Iturria: Oñati Irratia