2018-2019 ikasturterako eskulan ikastaroetan izena emateko epea ireki da gaur

2018/10/10
Hari lanak, pintura, eskulan dekoratiboak eta senda belarrak ikastaroak eskaintzen dira

  Pintura ikastaroa da adin guztietako zaleei zuzendutako eskaintza bakarra ikasturte berrirako, beste hiru ikastaroak publiko helduari zuzenduta egingo baitira. Eta partaideen adinaren arabera irakasle ezberdina izango dute pintura ikasleek: Luis Laskurain helduen irakaslea izango da eta Mayra Jimenez haur eta gaztetxoena. Helduei zuzendutako pintura ikastaroak astelehen eta asteartetan emango dira, 16:00tatik 18:00tara eta 18:00tatik 20:00tara. Gaztetxoei zuzendutakoak berriz, asteazkenetik ostiralera izango dira, 10-15 urte bitartekoentzat, asteazken edo ostegunetan, 18:30tatik 20:00tara eta 6-9 urte bitartekoentzat ostiraletan, 17:00tatik 18:30tara edo 18:30tatik 20:00tara. Haur, gazte eta helduak kontuan hartuta, 92 lagunentzako plazak eskaintzen dira pintura ikastaroetan aurten.

  Eskulan dekoratiboak ikastaroan ere marrazketa eta pintura lantzen da, baina bestelako lan batzuk egiteko aukera ere badago. Eskulan dekoratiboa asteartetan emango da, 15:00tatik 17:00tara edo 18:00tatik 20:00tara. Talde bakoitzean 10 ikasle onartuko dira.

  Eskulan ikastaro hauetan beste klasiko bat hari lanak ikastaroa da. Patchwork-a ez ezik,beste joste lan batzuk egiten ikasi daiteke Arantzazu Lizarraldek emango duen ikastaroan. Ikastaroa astelehenetan edo asteazkenetan egin liteke eta egun bakoitzean ordutegi aukera ere bikoitza da, 14:30tatik 17:00edo 17:30tatik 20:00tara. Kasu honetan, 12 laguneko taldeak osatuko dira.

  2018-2019 ikasturteko eskaintza osatuz, Senda belarren tailerra ere egingo da, ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara. Talde bakarra osatuko da beraz, eta gehienez, 15 ikasle onartuko dira. Ikastaro hau guztietan laburrena eta ondorioz, matrikula merkena izango duena da, 25,88 €. Besteetan 77,65 € ordaindu beharko dira, haur eta gaztetxoek, 56,84 €. Aipagarria da, Oñatin erroldatuta dauden langabetuak matrikula ordaintzetik salbuetsita egongo direla baldin eta, langabezia prestazio ekonomikorik ez badute edo agortuta badaukate.

  Gaur ireki den izen-emate epea datorren ostiralera arte, hilaren 19ra arte luzatuko da. Eskaintzen diren 175 plaza horiek baino lagun gehiagok izena eman balu, zozketa egingo litzateke. Ondoren, urriaren 23an, matrikula ordaintzeko epea irekiko da. Ikastaroak, azaroaren 5eko astean hasiko dira. Izena, kultur etxera joanda edo posta elektronikoz eman daiteke.

Iturria: Oñati Irratia