2017ko zerga ordenantzak aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2016/10/27
Card image cap
Hondakinen tasa % 10 eta Ondasun Higiezinen Zerga eta ibilgailuena % 2 igotzea eta gainontzekoak, orokorrean, daudenetan uztea proposatuko du Gobernu Taldeak

  Hori da jeltzaleei orain bi aste helarazi zitzaien proposamena. Gaur goizean Ogasun Batzordea bildu da eta oinarrizko proposamen horiekiko aldaketa edo ekarpenak aztertu eta negoziatzekoak ziren. Diktamena arratsaldeko Osoko Bilkuran ezagutuko da.

  Azken urteetan bere horretan mantendu den hondakinen tasa % 10 igotzea proposatzen du EH Bilduk, GHKren gastu operatiboa aurten % 27 igo dela kontutan hartuta. Gaiaren inguruko aurreko eztabaidetan jeltzaleek zabor tasa igotzea eskatu dute behin eta berriz, udal kutxan defizita sortzen ari zela argudiatuta. Atzo aurreratu genizuen bezala, bestalde, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, orokorrean, % 2 igotzea ere proposatuko du Udal Gobernu Taldeak. Eta %2ko proportzio berean igotzea, ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ere egokitzapenak egitea proposatuko du Gobernu Taldeak. IAE deritzona kalkulatzeko orain arte erabili den eredua aldatu eta Arrasateko Udalak duena egokitzea proposatzen da. Horrek, gutxieneko fakturazio bat duten enpresa eta negozioek ordaintzen duten zergatik udalak jasotzen duen diru kopurua igotzea ekarriko du. Gogoratu, azken urteetan, jaisten doala IAE kontzeptuan udalak duen diru sarrera, aurten esaterako, iaz baino 7000 euro gutxiago jasoko ditu. Hori konpentsatze aldera, zerga zehazteko eredua egokitzea proposatuko da. Gainontzeko udal tasa eta zergak, orokorrean, daudenetan mantentzea proposatuko da.

  2017ko zerga ordenantzaren gaia da arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko direnetatik garrantzitsuena. Udaleko ordenantza fiskaletan, udal tasak eta zergak jasotzen dira, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen truke herritarrei kobratzen dizkien zerga eta tasak. Osoko Bilkurarako lan zerrendan 6 gai jaso dira eta aipatu zerga ordenantzaz gain, hainbat fakturen berri ematea edota Olaburuko lokalen erabilerarako luzapen eskaerak jaso dira.

  Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du 19.30tan hasiko den Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!