2017ko larreratze kanpainari begira, Aloñako larreetara eta Artia-Txirikilaleku-Aitzgainera eramango diren abereen berri udaletxean emateko azken eguna bihar da

2017/01/30

  Artzain eta abeltzainek udaberrian Aloñan larreratu asmo dituzten ardi, bildots, behor eta behi kopuruaren berri udalari jakinarazi behar diote. 2010ean egin zen ordenantza aldaketaren ondorioz herri lurretara bazkatzera eraman asmo diren animalien berri udaletxean orain eman behar da baina dagozkion tasak, Diputazioak datuak egiaztatu ondoren ordaindu beharko dira. Tasei dagokienean aldaketa esanguratsua izan zen iaz, auzolana sarituz. Udalak eta Aloabel elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatzen baitzaie larreratze tasetan.

  Beren animaliak Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenek ere, horren berri udaletxean jakinarazi behar dute. Kasu honetan, datuak helburu estatistikoz jasotzen ditu udalak, ez baita tasarik ordaindu behar. Baina datuak jakinaraztea garrantzitsua da abeltzainek eskuratzen dituzten diru-laguntzarako, jarduera horretara zuzentzen den lur eremua kontutan hartzen baita.

  2017ko larreratze kanpainarako eskaera epea bereziki luzatu da aurten. Orain arte Gabon Zaharretan ixten zen baina aurten, urtarrilaren 31ra arte luzatzea erabaki da. Eskaerak, bihar, 14:00ak arte egin ahal izango dira udal bulegoetan. Behin epea beteta ez da larreratze baimenik emango.

  Partzoneria eta Aloñako mendietan artaldea bota nahi duten artzainek gainera, beste tramite bat bete beharko dute gerora, hau da, artaldeak osasun baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu behar dute agiri bidez. Agiria albaitari batek sinatu beharko du eta gehienera, artaldea mendira bota baino hilabete lehenago betetako ziurtagiriak onartuko dira. Hainbat urtetan, larreratze baimena emanda agiriak gerora aurkeztu behar izan dira baina azkenaldian jada, agiria aurkeztu bitartean ez da baimenik ematen. Hori bai, eskaerak aurrez egin behar dira eta horretarako azken eguna bihar izango da.

Iturria: Oñati Irratia