2017-2018 ikasturterako izen-ematea zabalik dago Udal Euskaltegian

2017/09/06
Euskalduntze eta alfabetatze maila ezberdinak ez ezik, oñatiera lantzeko ikastaroa ere eskaintzen da

  Iraila hastearekin batera ireki da udal euskaltegian, 2017-2018 ikasturterako izen-emate epea. Euskara ikasten hasi edo dakitena hobetzeko aukera eskaintzen da. Ikasleen maila, erritmo eta disponibilitatera egokitutako taldeak eratzen saiatuko dira euskaltegian, euskara ikasi nahi duen orok hartarako aukera izan dezan. Matrikula epea hilaren 22ra arte luzatuko da. Gero taldeak osatzeko, eta lekua dagoen bitartean, izenak jasotzen jarraituko da baina beti ere, ia zehaztu diren taldeetan sartuz. Horregatik, norberaren beharretara hobekien egokitzen den taldean jarduteko izena lehenbailehen ematea komeni da.

  Udal euskaltegian, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak eskaintzen dira, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak. Gainera, agiri ofizialak eskuratzeko azterketak ere egiten dira bertan. Oinarrizkoak diren A1, A2 eta B 1 mailetan ebaluaketa jarraia egiten da euskaltegian, eta B2, EGAren parekoa den C1 eta C2n, entzumen eta irakurmen azterketak euskaltegian egiten dira eta horiek gaindituta, idazmena eta mintzamena Donostia, Gasteiz edo Bilbon. Ikastaro bereziak ere eskaintzen dira, AISA izenekoa etorri berrientzat, ostalaritzan dihardutenei egokitutakoa edota oñatiera lantzeko, besteak beste.

  Iraupen luzeko langabetuek doan dituzte euskara eskolak eta udalak diru laguntzak ere eman ohi ditu. Asistentziaren arabera, gutxienez, eskolen % 85eko aprobetxamendua ziurtatzen dutenek matrikula kostuaren erdia jasotzen dute ikasturte amaieran. 2016-2017 ikasturtean 37 ikasle bekadun izan ziren Oñatiko euskaltegian. Gainera, bigarren urtez ikasten jarraitzen dutenek, beste %25eko gain-saria eskuratu dezakete. Diru laguntza hauek HABEk ematen dituen bekekin bateragarriak dira. Baina euskaltegiak egiten duen eskaintza akademiko nahiz erraztasun ekonomikoei buruzko informazio osatuagoa euskaltegian bertan eskuratu daiteke, astelehenetik ostiralera 9:00tatik 13:00tra eta 16:00tatik 18:30tara.

Iturria: Oñati Irratia