2016ko zerga ordenantzak aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2015/10/29
Card image cap
Gobernu taldeak udal tasa eta zergak izoztea proposatuko du eta irizpide nagusi horrekin ados datoz jeltzaleak baina ñabardurekin

  Prentsa ohar bidez jakinarazi dute jeltzaleek ez daudela ados etxebizitza hutsei aplikatzen zaien gain-ordainketarekin eta zabor zerbitzuaren ondorioz udalaren diru kutxetan handitzen doan defizitarekin. Alokairurako politika aktiboak martxan jartzea proposatzen dute jeltzaleek. Hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzea eskatzen dute eta errekargua aplikatu ordez, etxebizitzak eraberritu eta bizigarritasun baldintzak bete ditzaten diru laguntzak eskaintzea. Era berean, Alokabide eta Asap programak sustatzea proposatzen dute. Zabor tasa bere horretan mantentzeak, zerbitzuak udalari eragiten dion defizita areagotu egingo duela ere badio EAJren prentsa-oharrak. Mankomunitateak udalari kobratzen dion tasa igotzearen ondorioz, udal kutxan 220.000 euroko defizita sortu dela zehazten dute jeltzaleek. Eta diru hori beste jarduera batzuek egin gabe uztea eragin dutela dio Miren Elgarrestak bozeramale jeltzaleak. Aldi berean, udal talde jeltzalea etorkizunaz kezkatuta agertzen da. Bailarako beste udalerriek zabor bilketa sistema aldatuz gero Antzuola eta Oñatik bakarrik jarraituko luketelako atez ateko sistemarekin eta horrek sortzen dituen gastuak bi udalerrien artean ordaindu beharko lituzketelako. Horretaz hausnarketarik egin ote duten galdetzen zaio Udal Gobernuari.

  Adierazpen guzti hauek esan bezala, prentsa ohar bidez jakinarazi ditu Oñatiko EAJk. Dena den, arratsaldeko Osoko Bilkuran hitzez agertuko dituzte, 2016ko zerga ordenantzaren gaia aztertuko baita.

  Udaleko ordenantza fiskaletan, udal tasak eta zergak jasotzen dira, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen truke herritarrei kobratzen dizkien zerga eta tasak. Datorren urtera begira, bere horretan, aldaketarik gabe, izoztuta mantentzea da udal gobernu taldearen proposamena. Kontzeptu konkretu batzuk, arau nagusi horretatik kanpo geratu daitezke baina xehetasunak arratsaldeko Osoko Bilkuran emango dira. Azken hiru urteetatik bitan udal tasa eta zergak bere horretan mantendu dira, 2013an eta 2015ean izoztu egin ziren eta 2016an ere hala egitea proposatuko da.

  Baina Osoko Bilkuran beste 9 gai ere aztertuko dira. Hara nola, gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia edota Olaburuko hainbat lokal alokatzeko eskaera eta kontratu amaierak, besteak beste. 

  Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du Osoko Bilkura 19.30tatik aurrera.
    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!