2016ko udal aurrekontuetarako herritarrek egindako proposamenak ikusgai daude udal webgunean

2015/11/10
Card image cap
Lehentasunak finkatzeko bilera irekia egingo da bihar arratsaldean

  Udal aurrekontuak herritarrekin lantzen egitasmoaren baitan, lehen fasea, herritarren proposamen eta ekarpenak batzea izan zen. Horretarako, esku-orriak etxeetara banatu ziren eta horiek beteta, udal eraikinetan jarri ziren postontzietan utzi ahal izan ziren. Udaleko webgunean ere, on line betetzeko formularioa zintzilikatu zen. Bide horietatik 33 proposamen jaso ziren guztira. Zenbait ekarpen errepikatu edo bateragarriak zirenaz ohartuta, hala egin da eta besteak beste, berdintasuna, garapen komunitarioa, turismoa, mugikortasuna, kirola eta aisialdia, zerbitzuak edota hirigintza arloei dagozkien proposamen konkretuak zerrendatu dira.

  Ekarpenak ugariak dira eta arlo ezberdinak ukitzen dituzte, esan bezala. Turismo baliabideei buruzko informazio planeletako planoak eguneratu eta apurtutako euskarriak konpontzea; herri barruko auzo ezberdinak eta hauek San Prudentziorekin lotuko dituen autobus zerbitzua jartzea; bidegorria hiri altzariz hornitzea; paseatzeko ibilbideetan komun publikoak jarri eta horietan haurrei fardelak aldatzeko mahaiak ipintzea; San Martinen saskibaloian jolasteko kanastak jarri eta jolastokia hobeto aprobetxatzea; natur ingurune batean tirolina eta zuhaitz zirkuitoak jarriz abentura parke moduko bat egokitzea; musika eskolako eraikinaren eta inguruen segurtasunari buruzko ikuskaritza egin eta beharrezko neurriak hartzea eta aparkalekua eta inguruak argiztatzea; era berean, zebrabide inguruetako argiztapena hobetu eta hainbat kale eta gune irisgarritasun unibertsaleko baldintzetara egokitzeko proposamenak dira, beste hainbat ekarpenen artean jaso eta onartu direnak. Beti ere, udal ardurapekoak eta urtean egingarriak izango liratekeenak izatea eskatzen baitzen. Ekarpen guztien txostena, udaleko webgunean, www.oñati.eus atarian ikusgai dago.

  Txosten horixe landuko da biharko antolatu den bilera irekian. Udal aurrekontuak herritarrekin lantzen egitasmoaren hurrengo urratsa da bilera. Jasotako proposamenak aurkeztuta, lehentasunak finkatzeko hitzordua izango da. Bilera arina egin asmo dutela adierazi digu Partaidetza Udal Teknikariak. Hala, onetsitako proposamenak azalduko dira eta eskala batean, herritarren aldetik zein lehentasun duten finkatuko da.
Bilera ireki hau, Bidebarrieta kalean dagoen erabilera anitzeko gelan egingo da, bihar esan bezala,18.30tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!