2016ko udal aurrekontuak arratsaldeko Osoko Bilkuran eztabaidagai

2015/12/17
Card image cap
Gaia, goizean egin den Ogasun batzordean aztertu da eta adostasunik izan ote den arratsaldean azalduko da

  Udal Gobernu Taldearen proposamenak aurrekontuaren igoera garrantzitsua jasotzen du, % 19a aurtengo presupuestoekiko. Edo beste era batera esanda ia 20 milioi euroko aurrekontua 2016rako. Igoera nabarmen horren arrazoia inbertsioetan dago. Aurtengo diru partida bikoiztu baino gehiago egitea proposatzen baitu Gobernu Taldeak. 2015ean 2 mioioi euro pasa bideratu dira inbertsioetarako, 2016an, 4 milioi eta 700 mila euro bideratzea proposatzen da. Igoera horren gako nagusia urte berrian eraikitzen hasi nahi diren tutoretzapeko apartamentuak dira. Udalak, San Martin auzunean behar bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako apartamentuak eraikitzeko asmoa du.  Azken hiru urteotan, hartarako partida txertatzen joan da eta 2016an jada, lanei ekingo diete.

  Atalez atal begiratuta, igoera errealik altuena Gizarte Zerbitzuetan eta Lurralde Antolaketan, hau da, Hirigintza, Zerbitzuak eta Auzoak eta Nekazaritza udal departamentuak biltzen dituen atalean izango da, Gobernu Taldearen proposamenaren arabera. Igoera erreala esan dugu, berez, aurtengo aurrekontuekiko igoerarik altuena Komunikazioa eta Partaidetza atalak izango duelako, aipagarria da ordea, orain arte Kulturaren esku zeuden hainbat egitasmo, Partaidetza eta Komunikazio atalera aldatu izanaren ondorio dela. Eltzia da horren adibide.

  Udal Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenean azpimarratzekoa den beste gai bat, kale garbiketa zerbitzuaren kudeaketa eredu aldaketa da. Gaur egun kanpoko enpresa bat kontratatuta betetzen da kale garbiketa zerbitzua. Etorkizunean ordea, zerbitzuaren ardura berreskuratu nahi du Udalak. Hau da, kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kontratatutako langileen bitartez eman nahi da, garai batean egiten zen bezala. Udal Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenean, urteko azken hiruhilekoan, zerbitzurako 10 langile kontratatzea aurre ikusi da.

  Horiek esan bezala, Gobernu Taldearen proposamenean ikusitako lehen puntu deigarriak. Proposamena osotasunean arratsaldeko Osoko Bilkuran ezagutuko da eta oposizioak egindako ekarpenak ere bertan azalduko dira.

  Aurrekontuen gaia da, dudarik gabe gaurko bilkurarako gai nagusia baina ez bakarra, beste 8 jaso baitira lan zerrendan. 2016ko zerga ordenantzaren behin betiko onarpena, aurreko Osoko Bilkuran mahai gainean utzi ziren uraren ziklo integralaren integrazio planerako diru laguntzak edota kiroldegiko publizitate estatikoaren ustiaketarako ordenantza proposamena eta aurrekontuaren gairi lotuta joaten den 2016ko plantilla organikoa, eta lan eskaintza publikoa ere aztergai izango dira, besteak beste. Bilera, 19.30tan hasiko da eta Oñati Irratiaren bitartez zuzenean entzun ahal izango da (FM.107.4).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!