2016ko larreratze kanpainari begira, animalien identifikazio, osasun neurri eta tasen inguruko oharra kaleratu du Udalak

2015/11/30
Aloabel elkarteak eta Udalak deitutako auzolaneko partaideek, %100 hobaria jasoko dute larreratze tasan

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira Udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, zaldi eta behiak identifikatzeko lepokoen erabilpena eta hazteria edo sarnari aurre egin ahal izateko neurriak. Azken puntu horri buruz esan, artaldea larreratzeko baimenik ez dela emango, artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria aurkeztu arte. Partzoneria eta Aloñako mendietan artaldea bota nahi duten artzainek, artaldeak osasun baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu behar dute  agiri bidez. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko.
Baina eskaera orain egin behar da eta ez ardien kasuan soilik baita behor eta behien kasuan ere. 

  Aloñako larreetara nahiz Artia aldera ganadua eraman asmo dutenek horren berri udal bulegoetan eman behar dute. Abenduaren 31a izango da jakinarazpena egiteko azken eguna. Behin epe hori igaro ondoren ez da larreratze baimenik emango.

  Urte amaiera bitartean, artzain eta abeltzainek Aloñan larreratu asmo dituzten ardi, bildots, behor eta behi kopuruaren berri Udalari jakinarazi behar diote. Behor eta behien kasuan, abere bakoitzaren zenbakia zehaztuz.
Hori bai, 2010ean egin zen ordenantza aldaketaren ondorioz herri lurretara bazkatzera eraman asmo diren animalien berri udaletxean orain eman behar da baina dagozkion tasak, Diputazioak datuak egiaztatu ondoren ordaindu beharko dira. Tasei dagokienean aldaketa esanguratsua izango da auzolana sarituz. Hala, Udalak eta Aloabel Elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatuko zaie larreratze tasetan.

  Larreratze kanpainaren oharra ganadua Aloñara eraman asmo dutenei zuzenduta dago baina baita Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei ere, hauen kopurua ere ezagutu nahi baita. Kasu honetan, datuak helburu estatistikoz jasotzen ditu udalak eta ez da tasarik ordaindu behar. Baina datuak jakinaraztea garrantzitsua da abeltzainek eskuratzen dituzten diru-laguntzarako, jarduera horretara zuzentzen den lur eremua kontutan hartzen baita.

  Aloña-Urbia-Oltza gunean larreratutako behi eta zaldi aziendak behar bezala identifikatuta egon beharko dira. Animalia bakoitzak bere lepokoa izan beharko du. Lepoko horiek, animaliaren zenbakiaz markatuta daude, eta printzipioz dagoeneko jarrita dituztenak balio dute. Hala ere, abeltzainen batek lepoko berririk beharko balu, eskaera udal bulegoetan egin behar du.  Soberan dituzten lepokoak udaletxean entregatu behar dituztela ere gogorarazten zaie abeltzainei.

  2016eko larreratze kanpainaren inguruko jakinarazpen idatziak, auzo alkateei eta Aloabel Abeltzainen Elkarteari bidaliko zaizkie.

Iturria: Oñati Irratia

2016ko larreratze kanpaina abian da