2016an Aloñako larretara eramango diren abereen berri udaletxean emateko azken eguna bihar da

2015/12/30
Udal bulegoak, 14.00tan itxiko dira

  Artzain eta abeltzainek datorren udaberrian Aloñan larreratu asmo dituzten ardi, bildots, behor eta behi kopuruaren berri udalari jakinarazi behar diote. Behor eta behien kasuan, abere bakoitzaren zenbakia zehaztuz. Hori bai, 2010ean egin zen ordenantza aldaketaren ondorioz herri lurretara bazkatzera eraman asmo diren animalien berri udaletxean orain eman behar da baina dagozkion tasak, Diputazioak datuak egiaztatu ondoren ordaindu beharko dira. Kanpaina honetan eta tasei dagokienean aldaketa esanguratsua izango da auzolana sarituz. Udalak eta Aloabel elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatuko baitzaie larreratze tasetan.

  Beren animaliak Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenek ere, horren berri udaletxean jakinarazi behar dute. Kasu honetan, datuak helburu estatistikoz jasotzen ditu udalak, ez baita tasarik ordaindu behar. Baina datuak jakinaraztea garrantzitsua da abeltzainek eskuratzen dituzten diru-laguntzarako, jarduera horretara zuzentzen den lur eremua kontutan hartzen baita.

  2016ko larreratze kanpainaz ari bagara ere, gogoratu, datuak jakinarazteko azken eguna bihar, abenduaren 31a izango dela. Gabon Zahar eguna izaki, udal bulegoak 14.00etan itxiko dira. Beraz, artzain eta abeltzainek lehenago pasa beharko dute bertatik. Behin epea beteta ez baita larreratze baimenik emango.

  Partzoneria eta Aloñako mendietan artaldea bota nahi duten artzainek gainera, artaldeak osasun baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu behar dute  agiri bidez. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta ez da onartuko artaldea mendira bota baino hilabete baino lehenago betetako ziurtagiririk. Hainbat urtez, larreratze baimena ematen zen eta agiria gerora aurkeztu behar zen. Aurrerantzean, agiria aurkeztu bitartean ez da baimenik emango. Baina eskaera orain egin behar da.

Iturria: Oñati Irratia