"2016 BIDEA" egitasmoak bi etapa beteko ditu Oñatin, Mirandaola- Arantzazu eta Arantzazu-Otzaurte

2016/03/16
2016 BIDEAk, Euskal Herria oinez eta 32 etapatan zeharkatzea du helburu

  Egitasmoa Donostia 2016 eta Club Vasco de Camping Elkarteak antolatu dute. Zazpi hilabetetan eta domekero egingo diren ibilaldiak osatuz, Euskal Herrian barrena 32 etapa, 600 kilometro betetzea da helburua. Senderismo egitasmo hau datorren astean bertan, martxoaren 27an hasi eta urriaren 30ean amaituko da. Tartean eta 32 irteeretan, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba,  Nafarroa eta Lapurdiko hainbat leku zeharkatuko dira.

  Etaparik luzeena, 27 kilometro ingurukoa izango da eta laburrena berriz, 12 kilometrokoa. Gainditu beharreko desnibelari dagokionean berriz, bataz bestekoa, 600-800 metro izango direla adierazi zuten antolatzaileek atzo egindako aurkezpen ekitaldian. Oinez hainbat orduz ibiltzera ohituta dagoen edonori zuzendutako ibilaldiak direla zehaztu zuten.

  2016 BIDEA egitasmoak bi etapa beteko ditu Oñatin, erdiko bi etapak gainera: uztailaren 10ean 16. ibilaldia osatuko da Mirandaola eta Arantzazu artean eta hurrengo astean, uztailaren 17an, 17. etapa, Arantzazu eta Otzaurte artekoa.

  Euskal Herrian barrena egingo diren irteera hauetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Donostia 2016 web atarian. 7 € ordaindu beharko dira, istripu aseguru eta autobus gastuei aurre egiteko. Izan ere, irteera egun bakoitzean autobusak jarriko baitira Donostiatik eta eskualde-buruetatik. Norbere kaxa ere joan ahal izango da irteera leku bakoitzera eta noski, eguneko ibilaldia taldean osatu.  Antolatzaileek etapa bakoitzean, 150en bat lagun biltzea espero dute.

  Lehenengo etapa, Donostia eta Zarautz artekoa martxoaren 27an egingo da. 20.5 kilometroko ibilaldia izango da eta 5 ordu eskaxetan betetzea aurre ikusten da. Ibilaldiaren nondik norakoak argitzen eta sortu daitezkeen arazoak konpontzeko izendatutako lau gida izango da irteera bakoitzeko.  

Iturria: Oñati Irratia