2015eko diru kontuak ixteko fakturak eta 2016rako diru laguntza ezberdinetarako deialdiak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/01/21

  Urtarrila-otsaila inguruan itxi ohi du Udalak aurreko urteko aurrekontua. Horretarako azken hilabeteetan egindako lanen eta erosketen nahiz jasotako zerbitzuen ordainketa egin behar da eta horretan dihardute udal departamentu ezberdinak aste hauetan. Gaiak isla izango du gobernu taldearen asteroko bileran eta hainbat faktura onartu eta ordaintzeko agindua emango da. Hala, Olabarrietan, errepide azpian eraiki eta dagoeneko oinezko nahiz bizikletentzako irekita dagoen pasabideari dagokion hirugarren ordainketa zertifikazioa aztertuko da arratsaldeko bileran. Bide batez, Ugarkalde eta Olabarrieta artean oso aurreratuta baina oraindik amaitzeko dagoen bidegorri zatiari dagokion zertifikazio berria ordaintzea ere proposatuko da. Udaletxeko balkoiak eraberritzeko egin ziren lanen fakturak edota liztor beltzari aurre egiteko 2015eko zerbitzuaren kostu eta balorazioa ere egingo gobernu taldearen gaurko bilkuran.

  Hasi berri dugun 2016.ari begira bestalde, herriko ikastetxeei eta guraso elkarteei eman ohi zaizkien diru laguntzak aztergai izango dira, konkretuki 2015-2016 ikasturteko deialdiari dagozkion diru laguntzen lehen zatia ordaintzea proposatuko da. Eta herriko kirol talde eta elkarteei ere, 2016ko diru laguntzak zehaztu eta deialdia zabaltzea aztertuko da. Kirolak batzordetik, 2014-2015 ikasturteko likidazioa eta 2015-2016 kurtsoko aurrekontua onartzea proposatuko da. Bide batez, Zubikoa kiroldegian iaz eskaintzen hasi zen jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua berriro kontratatzeari buruz xehetasunak emango dira arratsaldeko bileran.

  Arantzazuko auzo alkateak telebista eta internet azpiegiturak jartzeko bideratu duen eskaera edota Berdintasuna batzordean, genero ikuspegitik jaien inguruan egin den diagnostikoa azaldukoda gobernu taldearen batzarrean, besteak beste. Lan zerrendan, 53 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia